Marea bizietan ‘flysch’-ak ikusteko aukera izango da

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 11

ZUMAIAKO_FLYSCH_A Urteko marearik bizienak izango dira euskal kostaldean datozen egunetan, eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak datozen egunetarako bisita gidatuak antolatu ditu, besteak beste marearteko zabalgunea ezagutzeko. Itsasoa urteko mailarik altuenera igoko da eta baxuenera jaitsiko da, eta horrek flysch-a ezagutzeko aukera paregabea eskainiko duela uste dute geoparkeko arduradunek. Bi irteera antolatu ditu Euskal Kostaldeko Geoparkeak; gaur 10:00etako txangoan gaztelaniaz emango dituzte azalpenak eta larunbatean 11:30ean talde batean euskaraz eta bestean gaztelaniaz arituko dira. Hiru orduko txangoak izango dira. Bisita gidatuen inguruko informazioa eskuratu eta erreserba egin nahi dutenek horretarako aukera izango dute Euskal Kostaldeko Geoparkearen webgunean edo Zumaiako turismo bulegoan. Gidari espezializatu baten laguntzaz, marearteko zabalgunea ezagutzeko irteera bat antolatu dute. «Oso ekosistema aberatsa dauka labarren oinarrian azaleratzen den plataforma harritsuak: itsas izarrak, olagarroak, itsas erbiak eta bestelako izakiak aurkituko ditugu; kolore eta forma anitzetako bizitza zabalduko zaigu begien aurrean», azaldu dute arduradunek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide