[caption id="attachment_108262" align="aligncenter" width="300"]

Rita Unzurrunzaga galerista eta Barbara Stammel artista.[/caption]
Eskailerak jaitsi eta Donostiako Alde Zaharreko Ekain galeriara sartzean atentzioa ematen diote bisitariari polea txikien bidez paretetik zintzilik dauden aurpegi erraldoiek. Getarian bizi den Barbara Stammel artista alemaniarraren lanak dira Ekain galerian larunbatera bitartean ikusgai daudenak, arretaz ikusiak izateko prest.
Uztailaren 10etik irailera arte
Giza orbanak izeneko erakusketa izan zuen jarrita Stammelek Koldo Mitxelenan; zazpi margolanez osatutako artistaren azken seriea ikus zitekeen bertan. Irudiak, aurretik egindako erretratuak ziren. «Zazpi lanetan pertsonaia bat hartu nuen oinarrian, baina lanketa prozesuaren ondorioz pertsonaia hori zazpi pertsonaia bihurtu zen», azaldu du artistak. Koldo Mitxelenako erakusketarekin batera izan du zabalik Ekain galeriakoa, beste ikuspuntu bateko eta formatu txikiagoko lanez osatua. Honetan, ispiluaren gainean egindako erretratoak ere aurkitu daitezke besteak beste; erakusketa bateko zein besteko lanak oleo margoez eginak daudela nabarmendu du Stammelek. «Nik neuk egiten ditut margoak, aintzinan egiten zituzten bezala. Lur naturalekin egindako hautsak ditut, eta horiek linaza olioarekin nahastuta sortzen ditut oleo margoak; modu horretan, neuk egindako pigmentuak lortzen ditut».
Ekain galerian duen erakusketan sartzerakoan hainbat pertsonaia ikusiko ditu ikusleak. Lagunen eta ezagunen aurpegiak hartzen ditu oinarrian Stammelek, eta lanketa prozesua jarraitzen du ondoren. «Lanketa prozesu horretan ez dut logika bat jarraitzen, lanean nagoenean barruak eskatzen didana egiten dut. Ezertan ez pentsatzen saiatzen naiz, pinturaren bidea jarraitzen dut».
Margolan «probokatzaileak»
Ekain galeriako arduradun Rita Unzurrunzagarentzat «oso lanketa intimoa» izateagatik bereizten da Stammelen lana, «erraietatik» ateratzen zaiola ikusi daitekeela uste du. «Horrek ematen dio bere lanei indarra». Pintzela oso gutxi erabiltzen du artistak, pintura espatulan edo kartoian kargatu eta hori mugituz zabaltzen baitu euskarrian zehar. «Margolanek materia izatea gustatzen zait, gorputza eta bolumena izatea, alegia». Margolan handiak egin ohi ditu: 2 metro bider 2 metro neurrikoak. «Margotzen ari naizenean bertan murgiltzen naiz, margolanek harrapatu egiten naute. Eta margolan handiak egiteaz atseden hartu nahi dudanean, neurri txikiagokoak egiten ditut».
Lanketa prozesuaren ondoren emaitza ikusgarria lortzen du Stammelek. Gainera, udan zehar irekita izan dituen erakusketetan herritarren harrera «oso ona» izan dela nabarmendu du artistak. Koldo Mitxelenan ikusgai zuen erakusketan, esaterako, bisita gidatu bat antolatu zuten herritarren nahia asetzeko. «Erakusketa ikustera etortzen zirenei antzeman nien lanaz hitz egitea gustatzen zitzaiela, eta horregatik hitzordu bat antolatu nuen, nahi zutenek nirekin erakusketa bisitatu eta ondoren komentatu zezaten».
Unzurrunzaga galeristaren iritziz, bertako publikoak ezagutzen du Stammelen lana. «Galerian ikusi dut hasieran atzerritarrek hobeto hartzen dutela Stammelen lana. Hala ere, oro har oso harrera ona du herritarren artean. Kolore paletak eta probokatzea lortzen duten kontrasteek erakargarria egiten baitute Stammelen lana. Hasieran txokatzen du, baina begiratu ahala oso atsegina egiten dela nabarmentzen dute».
Artistaren iritziz, margolanetan arreta jartzen denean, irudiaz gain beste hainbat gauza aurkitu daitezke: materiaren presentzia, esaterako. Galeristak bost astetan zehar izan ditu koadroak galerian, eta denbora pasa ahala ikuspuntua aldatu egin zaiola ohartu da. Izan ere, artista batek baino gehiagok uste du ikusleak amaitzen duela margolan baten sortze prozesua, artelana ulertzeko duen moduarekin, eta hala gertatu zaio Unzurrunzagari ere.