Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udako oporren ondoren, larunbatean egingo du Zarauzko Pagoeta elkarteak ikasturte berriko lehen irteera. Bizkaiara joko dute mendizaleek, Lea Artibai eskualdera. Axpetik abiatuz, Gabaro deritzan gune berezi batera iritsiko dira, ondoren Berdatzandi (700 metro) eta Urregaria (707 metro) gailurrak igotzeko. Beheko bidea hartuta, Zapola (662 metro) muinotik pasatuko dira, eta Markina-Xemeinen amaituko dugu 13 kilometroko ibilbidea. Antolatzaileen arabera, bost bat ordutan egin ahalko da distantzia hori. Ohi bezala, Agoueseneko biribilgunean elkartuko dira larunbatean parte-hartzaileak, 07:30ean. 14:30ean itzuliko dira bueltan Zarautzera. Interesa dutenek Mendizabal kinkiladendan eman beharko dute izena, ostirala bitartean.