Erika Olaizola aktorea (Miriam Tamayo/ Hitza)
Umea zenetik dabil Erika Olaizola (Azpeitia, 1989) antzerki arloan. Orain, zinema munduan estreinatuko da
Los tontos y los estupidos filmean antzezten duen pertsonaiarekin. Gainera, film hau aurtengo Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dute, eta Zuzendari Berrien Sailean lehiatuko da. Irailaren 20an izango da filmaren lehenengo emanaldia, 19:00etan. Ondoren, filma Lisboako (Portugal) eta Tolosako (Frantzia) zinema jaialdietara eramango dute. Eta urriaren 3an zinema batzuetan estreinatuko da.
Film honetan, Olaizolak familia bateko alabaren papera antzeztu du: «Papera txikia izan da, bigarren mailakoa, baina pertsonaia hau lantzeko aukera izatea opari bat izan da niretzako», azpimarratu du antezleak. Olaizolak aitortu duenez, hasieratik «maitemindu» zen film honekin. Beraz, ez zuen bi aldiz pentsatu eta baiezkoa eman zion pelikulan parte hartzeko proposamenari.
Filma aurtengo Donostiako Zinemaldian aurkeztuko duzue. Zer esanahi du horrek zuretzat?
Donostiako Zinemaldian parte hartzea da lortu daitekeen ordainsaririk handiena. Zuzendari Berriak izeneko sailean hartuko du parte, gainera.
Nazioarteko ikusle eta kazetariek zuen lana ikusteko aukera izango dute. Zer irizten diozu horri?
Pixka bat urduri nago. Filmaketan oso ondo pasatu dut, eta bizipena oso aberatsa izan da niretzat. Baina hortik kanpo zure lana ikusgai dagoenean, iritzi guztiak jasotzeko prest egon behar dela uste dut.
Nolako bizipena izan da film honetan lan egitea?
Sekulako esperientzia izan da. Zinema arloa oso ezberdina da, baina asko gustatu zait. Gainera, hasieratik proiektu honekin sentipen onak izan nituen. Izugarria izan da Madrilera joatea zinema egitera eta ezagutu ditudan pertsona guztiekin lan egitea.
Filmean azaltzen diren istorioekin edo pertsonaiekin jendeak bat egin dezakeela uste al duzu?
Bai. Pelikulan ohiko gaiak erakusten dira: jendearen aurrean eman nahi duzun itxura, zeure buruari iruzur egitea, gezur batean bizitzea, eta halakoak. Gai horietan jendea identifikatuta sentiarazteko zenbait izpi daude. Izan ere, filmaren gidoia izan zen gehien gustatu zitzaidana. Testua bera izan da filmarekin konektatu edo lotu egin nauena.
Pozik al zaude filmean egin duzun lanarekin?
Asko eskatzen diot neure buruari, baina hala ere, neurekin zintzoa izaten saiatzen naiz. Baina oso zaila egiten zait neure burua objektibotasun batekin begiratzea. Gaztelaniaz filmatzeak, esaterako, segurtasun falta sortu zidan.
Beraz, zure kezkarik handiena gaztelaniaz filmatzea izan al da?
Bai. Zinema arloan guztia txikitu egin behar da, eta gaztelaniaz gauzak nola esan nahi dituzun lotzen hasten zara, baina hori ez da antzeztea. Hau da, gidoia ikasi dezakezu baina gero antzezterako orduan eszenaren izaeraren arabera, modu batera edo bestera erantzun behar duzu. Gaztelaniaz filmatzeagatik, blokeo txiki bat jarri nion neure buruari.
Nolakoa izan da ospe handiagoa duten aktoreekin lan egitea?
Bertan parte hartu dugun antzezle guztiok maila berean egon gara. Pelikula filmatzeko elkartu ginen guztiok gauza batek lotzen gintuen: proiektuak gugan piztu zuen interesak. Ez zen bakoitzak irabazten zuen diruarengatik izan. Hau guztia gero zer etorriko zen jakin gabe egin genuen, ez geneukan ezer galtzeko eta.
Nola aukeratu zintuzten film honetan parte hartzeko?
Zuzendariak euskaraz zekiten bi neska behar zituen, eta pelikula honetan parte hartzen duen Josean Bengoetxea aktorea nirekin jarri zen harremanetan eta filmaren istorioa eta xehetasunak azaldu zizkidan. Zuzendariarekin Bilbon geratu nintzen, ikusi eta aukeratu egin ninduen, ez nuen inongo probarik pasatu behar izan.
Noiz eta non izan da pelikularen filmaketa?
Aurreko urteko maiatzean Madrilen (Espainia) filmatu genuen, eta sei egun iraun zuen. Filmaketa leku bakarrean egin zen, zuzendariak ez zituelako filmerako beharrezko diru laguntza guztiak lortu.
Pelikularen atalen bat euskaraz filmatu da. Zergatik?
Film osoa gaztelaniaz filmatu da, baina badago eszena bat non aktoreek euskaraz hitz egiten duten. Guk antzeztu dugun familia Bilbokoa da, beraz, pertsonaien harremanen arabera, zuzendariak eszena bat euskaraz filmatzea erabaki zuen.
Filmean antzeztu duzun pertsonaiarekin ba al duzu antzekotasunik?
Beti zeure barrukoa ipiniz egiten duzu lan. Oso garrantzitsua da antzeztu behar duzun pertsonaiarentzat zeure izaeratik behar duzuna ezagutu eta hori erabiltzen jakitea. Beraz, pertsonaia lantzen hasten naizen lehenengo unetik ohartzen naiz pertsonaiak nire izateko eraren zerbait baduela. Dena den, ni ez naiz pertsonaia hau bezalakoa ere.
Zinema arloa lantzen jarraitu nahiko al zenuke?
Lehenengo lana izan da hau. Bertan lan egiten jarraitzea gustatuko litzaidake, baina ez noa hori bilatzera ere. Zinema izugarri gustatzen zait eta bertan lan egiteko prest egongo naiz beti, baina une honetan ez nabil horren bila.
Oso zaila den mundu horretan mantentzea, ezta?
Bai, baina hala ere ez naiz etxean geratuko telefonoak noiz jo zain. Orain antzerkiak sortzen ari naiz, eta hori da ni gehien motibatzen nauena. Aktore lanetan ez da diru askorik lortzen, honetan bakarrik lan eginez bizitzea oso zaila da.
Telebistan, antzerkian eta zineman egin duzu lan. Zein da gehien erakartzen zaituen arloa?
Antzerkia. Beharbada txikia nintzenetik hasi nintzelako arlo hori lantzen. Antzerkian neure lekua sortzen dut, eta oso aske sentitzen naiz. Arlo guztiak aberatsak direla uste dut, baina nire sustraia antzerkia dela esango nuke.
Gaur egun, proiektu berririk prestatzen ari al zara?
Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan izango naiz. Urtarrilean artzerki lan bat prestatzen hasi ginen Miren eta Amancay Gaztañaga eta hirurok, eta bertan estreinatzeko asmoa daukagu. Uxue Alberdi euskal idazle eta bertsolariak idatzitako
Euli-giro liburutik abiatutako lana da. Antzerki honetan bakoitzaren beharretatik bidaia bat egin dugu. Geure barrutik ateratakoa landu dugu.