Lehenengo urtean azkoitiarrek irabazi zuten erronka, eta iaz azpeitiarrak nagusitu ziren; beraz, larunbat honetan ere garaipenaren bila joango dira biak ala biak. Azkoitiko Triatloi Taldeak hirugarren urtez jarraian antolatu du Azkoitiaren eta Azpeitiaren arteko kirol erronka, Azkoitiko tabernari elkartearen laguntzarekin. Eta, beste behin, bi herrien arteko lehiaz gozatzeko aukera egongo da Azkoitiko kaleetan zehar.
[caption id="attachment_108125" align="aligncenter" width="300"]

Iazko erronkako une bat (Onintza Lete Arrieta/Hitza)[/caption]
18:30ean hasiko da proba, eta antolatzaileek lehenengo urteko ibilbidea berreskuratuko dute aurten. Hala, Plaza Berritik hasi eta herriko plaza eta Kale Nagusia zeharkatu eta gasolindegi paretik Eroskiko biribilgunera iritsiko dira, eta handik Munategirako bidea hartuko dute. Santa Kutz auzora joan, eta handik herrigunera iritsiko dira, Plaza Berrin bukatu arte.
Punta-puntako kirolariak
Antolatzaileen arabera, bi herrietako «punta-puntako» kirolariez gozatzeko aukera izango da larunbateko proban. Oraingoan, ordea, Azkoitiko eta Azpeitiko launa lagun izan beharrean, bina lagunek hartuko dute parte. Xabat Manzisidor korrikalari azpeitiarra aurpegi ezaguna bilakatu da orain arte egin diren erronketan, eta aurtengoan ere hantxe izango da. Gainerako hirurek, berriz, lehenengo aldiz hartuko dute parte. Azpeitiko taldea Unai Iparragirre txirrindulariak osatuko du, Manzisidorrekin batera. Azkoitiko taldean, berriz, Pedro Muñoz korrikalaria eta Mikel Elorza txirrindularia izango dira.
Korrikan 4,3 kilometro egingo dituzte, eta bizikletan halako bi itzuli egin beharko dituzte txirrindulariek. Halaber, helmugatik herri bateko korrikalari bat eta besteko txirrindulari bat aterako dira, proban zehar beste taldearen erreferentziarik izan ez dezaten; «beraz, azken unera arte ezin izango da jakin nortzuk irabaziko duten», esan dute antolatzaileek.
Bi herrien artean dagoen lehiaz baliatuko dira proba aurrera eramateko. Badakite ikusmin handia sortzen dutela erronkek, eta horren erakusgarri da azken bi urteetan Plaza Berri ikuslez bete izana.
I. Euskal Artisau-Garagardo Dastaketa eta zuzeneko musika izango dira plazan
Aurten, Azkoitiko tabernarien elkartearen laguntza izan dute kirol erronka prestatzeko, eta beste hainbat ekitaldirekin uztartuko dute larunbateko eguna. Izan ere, tabernarien eskutik I. Euskal Artisau-Garagardo Dastaketa egingo dute 19:00etatik gauerdira bitartean. Euskal Herriko hainbat txokotan ekoitzitako garagardoa eskainiko dute plazan. Honako garagardotegiak izango dira: Gross (Gipuzkoa), Zerb (Gipuzkoa), Laugar (Bizkaia), Drunken Bross (Bizkaia), UG Noster (Araba) eta Naparbier (Nafarroa). Garagardo dastaketa girotzen, berriz, Eingo al deu taldea ariko da, 19:30etik 21:00etara eta 23:00etatik 01:00etara.