Gueraraorio "oso gustura" dago Saharako haurrek Orion igaro duten oporraldiarekin

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko irailaren 10a

[caption id="attachment_108110" align="aligncenter" width="300"]Saharatik Oriora oporrak pasatzera etorritako haurrak (Aiora Larrañaga) Saharatik Oriora oporrak pasatzera etorritako haurrak (Aiora Larrañaga)[/caption] Udaberrian sortu zuten Gueraraorio Elkartea. Helburua argi zuten: oriotarrak kontzientziatzea Argeliako Tindufeko Kanpamenduetan bizi diren Mendebaldeko Saharako herritarrek bizi duten egoera latzaz, eta horiei oriotarren laguntza bideratzea. Hala, elkarteak udan lau haur ekarri ditu Oriora oporraldia pasatzera Guerara kanpamendutik: Yasmine, Mariam, Bachid eta Said. Arduradunak «oso gustura» daude esperientziarekin, eta datorren urtean «errepikatzea» gustatuko litzaieke. «Orain arte Sahara Mendebaldeko haurrek harrera familiekin igarotzen zuten uda. Dena dela, azken urteetan krisi ekonomikoaren eraginez joera ahulduz joan da, eta urtez urte Oriora etortzen zen haur kopurua txikituz joan da». Horri aurre egiteko, planteamendua aldatu eta haur guztiak batera pisu batean biltzea erabaki zuten elkartekoek. Jokin Uranga elkarteko kidearen iritziz, emaitza «oso onak» eman ditu esperientziak. Oriora etorri diren lau haurrak aurretik Euskal Herrian izanak ziren udako oporraldia pasatzen;  hala ere, «haurrentzat ez da erraza izaten beren familietatik urruntzea. Horregatik, beren herriko beste haurrekin bizita egunerokoa errazagoa egiten zaie», aitortu du Uranga oriotarrak. «Euskal Herriko beste herri batzuetan, esaterako, harrera familietan beharrean, udalekuetan bildu dituzte». Astean zehar lau haurrak pisu batean bizi izan dira begiraleekin, eta asteburuak harrera familiekin igaro dituzte. «Astean zehar, goiz partean kirola egitera joan izan dira haurrak Karela kiroldegira, eta hainbat kirol probatzeko aukera izan dute. Arratsaldeetan, berriz, begirale batekin bestelako hainbat ekintza egiten aritu dira», azaldu du Urangak. Gueraraorioko kideek parte hartze zuzena izan dute haurren egunerokoan, eta hasiera batean uste baino lan gehiago izan dela aitortu du Urangak. «Haurrekin egunerokoan ezustekoak gertatzen dira ,eta horiek denak ez genituen kontuan hartu hasiera batean». Hala ere, dena «oso ondo» joan dela eta haurrek oporraldian zehar batez beste hiru kilo inguru hartu dituztela zehaztu du. Elkarteak Orioko Udalaren eta herriko hainbat merkatariren laguntza izan du Saharako haurrak Oriora oporraldia pasatzera ekarri ahal izateko; horregatik, elkartetik eskerrak eman nahi dizkiete denei, baita asteburuetan haurrekin izan diren hamar familiei eta laguntza eman duten Orioko merkatariei ere: Sayalero, Dorronsoro-Spar eta Eroski Center saltokiei, janari-bankuari eta Caritasi. Udaleko Ongizate Saila ere «oso gustura» dago proiektuarekin, eta azpimarratu dute «legealdi honetako proiektu hunkigarrienetakoa» izan dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide