Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Herriaren independentziaren aldeko arrazoiak eta argudioak aztertuko dituzte hainbat adituk Zumaiako EHBilduk antolatu duen solasaldi zikloan. Ikasturte osoan, hilero solasaldi bat antolatuko dute, gai ugariren inguruan. Solasaldi horietan, kanpoko gonbidatuez gain, gaiarekin lotura duen zumaiar bat izango da elkarrizketatzaile edo moderatzaile lanak egiten. Lehenengo solasaldia Euskal Selekzioaren gainean izango da, irailaren 17an.
Antolatzaileek hiru helburu jarri dizkiote egitasmoari. Alde batetik, Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko dauden arrazoiak «asko direla erakustea». «Nazio identitateaz gain, hamaika dira arloz arlo herri honentzat etorkizunerako aukera bideragarri bakarra independentzia dela erakusten duten arrazoiak», azaldu dute oharrean.
Bestalde, «Nolako Euskal Herria nahi dugu?» galderari erantzuten saiatuko dira. «Hamarkada luzez herrigintzak eta euskalgintzak eraiki dutenari segida eman eta Euskal Herria arloz arlo definitu eta eraikitzeko garaia da». Arloka eztabaidak eta hausnarketak egitea jarri dute helburu.
Herritarren parte hartzea eta eztabaida soziala ere bultzatu nahi dute, «arloz arloko eraikuntza hori ahalik eta demokratikoena» izan dadin. «Saio irekiak antolatzea da asmoa, paradigmak ezbaian jarri eta eztabaida ireki eta aberasgarriak bultzatzeko».
Solasaldiak gai ugariren ingurukoak izango dira: Euskal Selekzio ofizialaren ingurukoa, via catalana eta euskal bideari buruzkoa, elikadura burujabetzari buruzkoa eta energia ereduari buruzkoa, kasu. Herritarrek ere proposa ditzakete gaiak, idatziz, zumaia@ehbildu.net helbidean. Izan ere, gai zerrenda ez da itxia.