Abuztuaren 26an Gipuzkoako Foru Aldundiko zenbait basozainek Izarraitzen bederatzi ahuntz akabatu izana salatu dute EHNE eta ENBA baserritarren sindikatuek, animaliak «kontrolpean» zituztelako eta bere jabearen lurretan zeudelako. Gertaeraren inguruko bertsio kontrajarriak azaldu dira, ordea, eta aldundiak erantzun du ahuntzak krotalik–belarriko identifikazioa– ez zutela, eta uxaldia «azken aukera» izan dela. Izan ere, aldundiaren arabera, aurretik «beste konponbide guztiak» egiten saiatu dira, eta «inguruko baserritar, mendi jabe eta Azkoitiko Udalaren eskaerari jarraituz» hil dituzte ahuntzak. Jabeek salaketa jarrita dute basozainen aurka.
[caption id="attachment_107959" align="aligncenter" width="300"]

Akabatutako ahuntzetako bat, Segurolak utzitako argazkian.[/caption]
Baserritarren sindikatuek adierazi dute animaliek «legezko baldintza guztiak» betetzen zituztela. Horien arabera, bederatzi ahuntz akabatu eta beste bi zauritu zituzten basozainek, eta aldundiari eskatu diote gertakaria argitzeko eta halakorik errepika ez dadin neurriak hartzeko. Era berean, babesa eskaini diete ahuntzen jabeei. Sindikatuek azaldu dutenez, abuztuaren 26an, bi artzain «ohi bezala» Kakute ingurura joan ziren, eta hara gerturatzen ari zirela basozainen autoak ikusi eta «tiro hotsak» entzun zituzten, baita ahuntz talde bat «ihesi» ikusi ere. «Gertatzen zena ikusteko asmoz, artzainetako bat lekura gerturatu eta bestea basozainen autoen ondoan gelditu zen. Autoen ondoan gelditu zenak urrutira pertsona bat ikusi zuen sasi artera zerbait mugitzen».
Baserritarren esanetan, basozainak autora «eskopeta eskuan» zutela joan ziren, eta artzainek argazkia atera zietenean «liskarra» sortu zen bi aldeen artean. Artzainak gertaeraren lekura hurbildu zirenean, «hainbat ahuntz aurkitu zituzten hilda, identifikaziorako txapak kenduta eta haitzuloetan ezkutatuta». «Horrez gain, beste ahuntz batzuk zaurituta eta oraindik identifikazio txapak belarrian zituztela ere ikusi eta bideoan grabatu zituzten, baita argazkiak atera ere», gaineratu dute. Lursail pribatu horietan, «odol arrastoak» eta «eskopeta-kartutxoak» ere aurkitu zituzten.
[caption id="attachment_107960" align="aligncenter" width="300"]

Hildako ahuntzetako bat, krotalaren zuloarekin, Segurolak utzitako argazkian.[/caption]
Abel Segurola da ahuntzen jabeetako bat. Urola Kostako Hitza egunkariari esan dionez, akabatutako animalien artean bere zazpi ahuntz zeuden, eta guztiak identifikatuta zituzten. «Legezko baldintza guztiak betetzen zituzten nire animaliek, eta behar bezala kontrolatuta zeuden». Gezurtatu egin du ahuntzak bere lur sailetatik kanpo zeudenik, eta «inoiz» halako salaketarik ez duela jaso esan du. Hain zuzen, animaliak bere lur sailetan hil eta ondoren «ezkutatzen ahalegindu» izana leporatu dio aldundiari.
Gogor gaitzetsi du uxaldia, eta animaliak hiltzea ez dela konponbidea azpimarratu du. Era berean, gezurtatu egin ditu aldundiaren hitzak, eta esan du horretarako frogak badituela: «Ahuntzak bizirik zeudeneko irudiak ditugu, eta bakoitza bere krotalarekin ageri dira». Honen aurrean, basozainek ahuntzak zergatik hil dituzten galdegin du, eta aldundiari gertakaria argitzeko eskatu dio; «oraindik ez dugu azalpenik jaso».
[caption id="attachment_107961" align="aligncenter" width="300"]

Abel Segurola, bere ahuntzei buruzko datu batzuekin (Ane Olaizola/Hitza)[/caption]
Bandoak azken hilabeteetan
Jon Peli Uriguen aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatuak, bere aldetik, «harridura eta kezka» azaldu du sindikatuen azalpenen inguruan: «Baserritarren babesaz eta beren interesen defentsaz arduratu beharko luketen sindikatuek, baserritar batzuena bakarrik zaindu dutelako, kasu honetan arauak betetzen ez dituztenena. Beste baserritarrei, legeak eta animalien kontrolak ongi betetzen dituztenei, horrelako jarduera axolagabeek kalte handiak eragiten dizkiete, eta beraiekin egon behar lukete sindikatuek, ez arauak betetzen ez dituztenekin».
Gertaeraren bertsio kontrajarriak azaldu dira, eta sindikatuek esaten dutenaren aurka, aldundiak berretsi duenez, «jabeek ongi zekiten legez kanpo zeudela, eta ganadua kontrolik gabe». Aldundiaren arabera, «kontrolatua» izan zen uxaldia: «Basozainek gogoz kontra eta legezko prozedura guztiak jarraituta egin zuten hilketa». Izan ere, aldundiak gogoratu du ahuntzen jabeek ez dituztela animaliak beren jabetzako sailetara mugatu, «sarritan hala eskatu arren». Horien arabera, «mendi publiko eta pribatuetan kalteak eragiten ari ziren duela hilabete asko».
Azkoitiko Udalak «hainbat aldiz» eskatu die jabeei animaliak euren lursailetan eduki ditzatela, baserritar batzuengandik jasotako kexuak aintzat hartuz. «Egoera honetan, aldundiko basozainek ahuntzen jabeekin informazio kanpaina eta ikerketa bana egin zuten, zehazki ahuntzen jabea nor zen jakiteko, eta ez zuten lortu erantzunik». Azken hilabeteetan bi bando argitaratu ditu udalak, jabeek neurririk hartu ezean aldundiari uxaldia egiteko eskatuko ziola esanez. Azkoitiko Udalak uztailaren 7an eskatu zion aldundiari uxaldia egitea, eta aldundiaren esanetan, «denbora tarte horretan jabeek ez zuten ezer egin». Hau da, udalari eta basozainei azalpenik ez emateaz gain, jabeek «ganadua kontrolatzeko ez zuten neurririk hartu».
Aldundiak arrazoitu du «arautegiak agintzen duena jarraitu» dutela. «Aldundiaren jarduera baso horien jabeen salaketaren ondorio izan da, eta beste baserritar batzuen interes legitimoak babesteko. Gainera, arautegiak, osasun ikuspegitik, animalia guztiak kontrolpean eta krotalak jarrita egotea agintzen du, eta hil ziren ahuntz horiek guztiek, eta beste askok, ez zuten inongo jarraipen sanitariorik».
Ahuntzak, kontrolik gabe dabilenean «kalte ikaragarriak» sortzen dituela gogoratu dute, eta kasu honetan Natura Sarean dauden hogei hektareako haritz eta artea landaketa bat «kinka larrian» jarri dutela zehaztu dute. Gaineratu dute ezin zituztelako harrapatu hil zituztela animaliak, eta uxaldia «tentu askorekin» prestatutakoa izan zela. Aldundiaren arabera, 50 bat animalia ziren, eta horietatik 20 zeuden krotalekin. Hain zuzen, aldundiak hildako ahuntzak zortzi izan zirela argitu dute, guztiak identifikaziorik gabekoak. «Neurri honekin, aldundiak arauak betetzen dituen baserritar eta baso jabeak babestu nahi izan ditu, eta legea bete gabe jarduten zutenei bakarrik egin die kalte». Aldundiak babesa eskaini die basozainei, «bere lana egiteagatik» jasotako «eraso eta kritiken» aurrean.