[caption id="attachment_107909" align="aligncenter" width="300"]

Ura gainezka San Pelaion. utzitakoa[/caption]
Atzo iluntzeko ekaitzak kalte ugari eragin zuen eskualdean. Zarautzen, esaterako, urez bete ziren kaleak, hainbat parke eta beste zenbait gune. Horrez gain, etxe askotan argindarra joan zen, eta edukiontziak eta zuhaitz adarrak lurrera bota zituen haizeteak. Udaltzainak, suhiltzaileak eta guardian zeuden brigadko kideak elkarlanean jardun zuten denboraleak eragindakoak atontzen. Hori dela eta, Zarauzko Udalak eskerrak eman dizkiete "lan azkar eta eraginkorragatik".
Gaur eguna eguzkitsu baldin badago ere, euriteak iragarri dituzte arratsalderako. Euskalment euskal meteorologia agentziak abisu horia ezarri du, zaparrada eta haize bolada handiengatik. Txingorra ere bota dezakeela nabarmendu dute adituek.
Zarauzko Udalak zenbatu ditu atzo iluntzeko denboraleak eragindako kalteak, eta bereziki Bizkaia kalean, trenbidearen azpiko pasabidea aipatu du. Urez bete zen gune hori, eta suhiltzaileek jardun zuten gune hori bere onera ekartzeko lanean. Era berean, lurpeko transformadoreetatik ura ateratzen aritu ziren, Iberdrola enpresako langileekin batera. Jakinarazi dute arazo horiek konpontzeari "berebiziko lehentasuna" eman ziotela herriko hainbat gune argindarrik gabe geratu zirelako. Zenbait estoldetako estalkiak ere kendu egin behar izan zituzten, urak eramandako hosto eta objektuek uren irteera estaltzen zutelako eta ez zutelako xurgatzen uzten euriteak ekarritakoa.
Uraz gain, ekaitzak ekarritako haizeteak ere eraginak izan zituen udalerrian. Besteak beste, zuhaitzak zein adarrak bota zituen eta baita edukiontzi ugari irauli ere. Errepide zein espaloilatatik edukiontziak jaso eta bere lekuan jarri zituzten brigadako langileek eta udaltzainek atzo arratsean, eta baita adarrak jaso ere, pasabideak libratuz.
Garbiketa plan berezia eta kalte partikularrak
Denboralearen ondoren kalte gehienak konpondu bazituzten ere, gaur ere izan da zenbait arazo. Iberdrolako langileak oraindik ere lanean ari dira gune batzutan argindandarra itzularazteko lanetan. Zarauzko Udalak, bere aldetik, garbiketa plan berezia jarri du abian. Ohiko lanez gain, garbitzaileak behar gehien duten guneak atontzen ari dira gaur. Ekaitzak arrasto gehien utzi duten lekutan hostoak, adar txikiak eta gainerakoak jasotzen ari dira. Adar handiak, berriz, pilatuta utziko dituzte, gerora lorezaintza zerbitzukoek jaso ditzaten. Halaber, Urola Kostako Udal Elkartearekin harremanetan jarri da udala, lekuz aldatu zein hondatu diren edukiontziak dagozkien lekura eraman eta konpon ditzaten.
Era berean, atzoko euriteak kaltetutako bizilagunei Udaltzaingora jo dezaten eskatu diete, egoera normaltasunera itzultzeko haiekin koordinatzeko. Horretarako, 943-005115 telefonora deitu beharko da. Horrez gain, kasu partikularren kasuan, aseguru etxeekin harremanetan jartzeko gomendatu dute.