Azpeitiko Udal Gobernuak hondakinak biltzeko edukiontzi komunitarioen sistema proposatu du

Nerea Uranga 2014ko irailaren 8a

Azpeitirako udalak proposatutako hondakinak biltzeko sistema berriak organikoen (marroia) eta errefusen (grisa) edukiontziek txip bidez funtzionatzea ekarriko du. Gainontzeko hondakinak, sailkatuta, edukiontzien bidez jasoko dituzte. 100-150 herritarrentzako edukiontzi bana jarriko dute. Hondakinak biltzeko sistema berria ostiralean proposatu zuen Udal Gobernuak. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatek esan duenez, Udalbatzak aho batez onartutako proposamenean oinarrituta dago, "materia organikoak eta errefusak %70eko birziklatze tasa lortzeko kontrol elektronikoa izango duelako". Hondakinak nahi denean ateratzeko aukera egongo da sistema berriarekin, "beti ere bizikidetza ordutegiak errespetatuz", baina astean bi alditan egongo da horretarako aukera. Kristalarena ez beste edukiontzi denak berriak jarriko direla ere esan dute udaleko arduradun politikoek, gaur egungoak zaharrak gelditu direlako. Hondakinak biltzeko modu berria jartzeko 300.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute. Sistema berriak ENT enpresak egindako azterketan du oinarria, eta "ekarpenetara zabalik" dago Udal Gobernuko kideen arabera. Sistema berriarekin noiz hasi Udalbatzak landuko du. Hondakinak biltzeko sistema berria "derrigorrezkoa" da, baina udal gobernuaren ustez, "herritar guztiak eroso sentitzeko modukoa da". % 70eko birziklatze tasara iristea espero dute, baina herritarrei "esfortzu handiagoa" eta "kontzientziazio gehiago" eskatuko dienaren jakitun dira udaleko arduradunak: "Bilketa emaitza ona lortzea da garrantzitsuena". Alkateak gogoratu du, Lapatx bezalako zabortegiak ixteko herritarrek "esfortzua" egin behar dutela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide