Zarauzko Udalak 15.000 euroko laguntza emango du eskolako materiala erosteko

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 8a

2014-2015 ikasturterako diru laguntzak emango ditu Zarauzko Udalak. Zehazki, Lehen Hezkuntzako lehenbiziko mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleei bideratuko die dirulaguntza erakundeak, kirola egiten eta eskolako materiala erosten laguntzeko. Guztira, 15.000 euroko partida gorde du udalak horretarako eta ikasle bakoitzak 50 euro jasoko ditu. Beste alderdi politikoek ere egin zuten eskaera hori. PSE-EEk ikasturte hasierako gastuei aurre egiteko zailtasunak dituzten herritarrei diru laguntzak emateko eskatu zuen, esaterako. Udal Gobernuak adierazi du krisi garaian "laguntza txikiena ere" eskertzekoa dela, "are gehiago, ikasturte hasieran lapitzak, boligrafoak, koadernoak, karpetak, estutxeak, kalkulagailuak, testu liburuak, konpasak... erosi behar direnean, eta kirol denboraldiari aurre egiteko kuota garaia iristen denean". Eskaera adingabearen aitak, amak zein tutoreren batek egin beharko du Zarauzko Gizarte Zerbitzuetan eta orri bat bete. Baldintza bakarra bete beharko dute diru laguntza jasoko dutenak: eskolako materiala derrigor Zarauzko denda batean erosi beharko dira, eta kirol jardueren kasuan, Zarauzko kirol sail bati lotuta egon beharko du. Hori egin dela egiaztatzeko, eskola materialaren fakturak eta kirol kuotaren ziurtagiriak erakutsi beharko dira. Halaber, familia unitatearen diru sarrerak aztertuko ditu udalak, beti ere errenta txikieneko familiei laguntzeko ideian. Eskaerak irailaren 30era arte egin beharko dira. Eskaera kopuruaren arabera, aurreikusitako 15.000 euroko laguntza hori handitu ahalko da

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide