[caption id="attachment_107587" align="aligncenter" width="300"]

Ezkerretik, Mendizabal, Otaduy, Saiz Zubeldia, Urruzono, Berasaluze eta Euzkitze[/caption]
Heidi Otaduyk, Mendi Urruzonok eta Iñigo Saiz Zubeldiak eskuratu dituzte bideo onenaren, argazki onenaren eta bigarren argazki onenaren sariak, hurrenez hurren. Abuztuaren 16ean egin zuten Desioak sutan ekitaldia bigarren urtez, sahararrei elkartasuna erakusteko. Hala, 3.000 su bola inguru bota zituzten herritarrek zerura. Horren harira, erakundeak irudi eta bideo lehiaketa antolatu zuen, gau horretako irudiak luzaroan iraun zezan. Guztira 232 lan aurkeztu dituzte lehiaketara, 226 argazki eta sei bideo.
Gaur eguerdian egin dute sari banaketa, Sortaldean. Otaduyk iPad mini bat eskuratu du, Urruzonok Tako erakusketako hiru lan eta Saiz Zubeldiak, berriz, erakusketa bereko bi tako. Parte- hartzaile guztien artean egindako zozketako irabazlea, berriz, Iker Ibarguren suertatu da. Horrek Juan Luis Mendizabal
Mendi margolariaren koadro bat jasoko du.
Antolatzaileek agerraldia aprobetxatu dute abuztuaren 13an eta 16an borondatez lanean jardun zuten elkarte eta eragileei eskerrak emateko, Zarauzko Surf Eskolari, Saharautz elkarteari, Zarauzko Triatloi taldeari, Zarauztik Mundurakoei eta Zarautz Egokituz taldeari. Guztien laguntzarekin ekitaldia "arrakastatsua" izan da. "Haur sahararrei eta Zarautzekin senidetuta dagoen Haguniako udal ordezkariei ez ezik, Saharari elkartasuna adierazteko ekitaldietan milaka lagunek hartu zuten parte. Abuztuaren 16ko ekimenean, esaterako, 3.123 euro lortu ziren su bolak salduta". Aurten ere jasotako diru kopuru hori Saharautz elkartera bideratu da, Sahararen aldeko ohiko lanean jarraitu ahal izateko. Xabier Euzkitzek jaso du txekea, Saharautzeko lehendakariak. Hark ere eskertu nahi izan du udalaren, herritarren eta borondatez lanean aritu diren gainerako talde eta elkarte guztien ekarpena.