Bertan behera geratu da Sarralle enpresako lan baldintzei buruzko epaiketa

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 5a

Atzeratu egin dute astearte honetan Donostiako Epaitegian Sarralle enpresako lan baldintzei buruz egin behar zuten epaiketa. LAB sindikatuak kritikatu egin du beste behin Azpeitiko enpresaren jarrera, idatzi baten bidez. Epaiketa honetan aztertu behar ziren langileen eskubideei eragiten dieten «oinarrizko aldaketak»; hau da, Sarralle enpresak maiatzetik gaur egun arte «alde bakarrez» hartu dituen erabakiak. Epaituko diren gaien artean, bi daude nagusiak: lanaldia 103 ordu igotzea eta soldata %10 jaistea. «Negoziatu gabe» eta «inongo gardentasunik gabe» hartutako erabakiak izan direla esan du LAB sindikatuak: «Orain arte eman diren pauso guztiak langileen borondaterik gabe izan dira, beraz hori da benetan epaituko dena», azpimarratu du. LAB sindikatuak azaldu duenez, Sarralle enpresak epaileari erakutsi behar zizkion froga dokumentalak epez kanpo bidaltzeagatik atzeratu da lantegiari buruzko epaiketa: «Langileen aldeko defentsak aspaldi eskatutako dokumentuak dira, eta epaitegiak enpresako arduradunei abuztuaren 7rako bidaltzeko eskatu ziotena, baina epaiketaren aurreko eguneko eguerdira arte ez zituzten igorri», azpimarratu dute LABekoek. Sindikatuak dioenez, dokumentuak berandu bidaltzearen arrazoia «enpresak daraman azpijokoaren jarraipena» izan da: «Sarralleko zuzendaritzak esan du lantegian hartutako neurriak arrazoituta eta txukun dokumentatuta aurkeztu behar zituela». Sarralle enpresako langileen ordezkariek adierazi dutenez, ez dira harritu lantegiko zudendaritzak dokumentazioa aurkezteko epea bete ez izanaz: «Beste behin ere, oso ondo pentsatutako estrategia bat izan da. Legea bera ordezkatzen duen epaile baten irudiak ezarritako eskakizunei muzin egin eta beraienarekin jarraitzen dute». LABeko ordezkarientzat, enpresaren zuzendaritzak egoera honen guztiaren aurrean helburu «argi» bat duela erakutsi du bere jokaerarekin: langilegoaren «agonia luzatzea» eta langileen artean  «indefentsioa sortzea». LAB sindikatuak bidali duen idatziaren arabera, Sarralle Equipos enpresako langileen ordezkariek ia urtebete daramate lantegiaren zuzendaritzari epaileak eskatu dion informazioa eskatzen. Langileek diotenez, zuzendaritzak «aspalditik» zekien noiz izango zen epaiketaren data eta epailearen eskaria: «Enpresak gaiari adarretatik eutsi beharrean, oztopoak jartzen jarraitzen du bereari eutsiz». Dokumentazioa aztertzera LABen ustetan, dokumentazio hura epez kanpo bidaltzea «ez da denbora falta kontua izan». Gainera, enpresatik bost langile kaleratzeko «duda izpirik» ez dutela izan gogoratu dute. «Denbora nahikoa izan du enpresak dokumentazio guztia epe barnean bidaltzeko». Epaiketa atzeratu egin den arren, epaileak LAB sindikatuak ordezkatzen dituen langieei baimena eman die enpresak aurkeztutako dokumentazioa aztertzeko. Beraz, dokumentazio guztia sakondu ondoren, epaileari deitu eta epaiketa data berria finkatuko da. Hau da, sindikatuak dokumentu horiek irakurrita, beraien erantzuna aurkeztu dezakete epailearen aurrean. Sindikatuak «epaiketa luzea» baina «egun bakarrekoa» izango dela uste du. Hala ere, epailearen eta prosezuaren arabera, luzatu egin daitekeela diote: «Orain, epaiketa atzeratu dela eta, mehatxuak areagotuko ez ote diren pentsatzen dugu», azpimarratu dute LABko kideek. Duela urtebeteko kontua Aurreko urtean hasi ziren Sarralle enpresako langileak soldata jaitsieraren eta lanorduen igoeraren aurka elkartzen. Aste honen hasieran, LAB sindikatuak abuztuan enpresak bost langile kaleratu zituela salatu zuen. Bertako langileek adierazi dutenez, zuzendaritzarengana hurbiltzen ziren guztiak «X batekin markatzen ziren, enpresaren hitza zalantzan jarri zutelako». Langileek, ordea, lantegiko zuzendaritzari «gauzak ondo egin zitzala» eskatzen ziela diote, eta hori egiteagatik bost langile horiek kaleratu zituztela adierazi dute: «Kontu ekonomikoekin garbia izan zedila eta arrazoiak behar bezala argudiatuz zintzo jokatzeko eta negoziatzera eser zedila eskatzen genion», azpimarratu dute LAB sindikatutik. Kaleratze horiekin, enpresak «mendekua» hartu zuela diote. Sindikatuaren ustetan, enpresak krisiaren aitzakiarekin langileak «beldurtu» nahi ditu eta beraien «beharrekin» jolasten ari direla diote: «Ezin dugu hori inondik inora onartu», azpimarratu dute langileen ordezkariek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide