Bigarren urtez martxan da Abendañon, Aiziazpia kalean karabanak aparkatzeko gunea. Zarauzko Udaletik jakinarazi dute "izugarrizko arrakasta" izaten ari dela: "%100 beteta egon ez arren, oso leku libre gutxi egon ohi dira". Neguan ere mantendu egingo dute gune hori, baina karabanei eskainiko zaien aparkaleku kopurua erdira murriztuko da; udan 50 ibilgailuntzat izaten da lekua.
Nabarmendu dute gune horren helburua ez dela kanpinari eta herriko ostalariei lehia egitea. Gogoratu dute bidean atseden hartu nahi dutenei zuzenduta dagoela gune hori. Horregatik, gehienez bi egunez aparkatu ahalko dute autokarabana bertan, eta zazpi egun igaro arte ezingo da itzuli. Hori kontrolatzeko, TAOko makinan txartela hartu beharko dute erabiltzaileek. Gune horretan gutxiengo zerbitzuak aurkituko ditu bidaiariak. Ura biltzeko aukera izango dute erabiltzaileek; bi ahodun iturri bat dago, tutu malguak ongi egokitu daitezen bertara. Ur zikinak botatzeko bi sareta ere badira gune horretan, bata biltegi handientzat eta bestea txkientzat. Hondakinak jasotzeko, berriz, gaikako edukiontzi kabia jarri dute gunean.
Eguneko hiru euro ordaindu beharko da.