Iban Garate: "Asko asetu nauen lana izan da 'Faktoria'-ko esatari izatea"

Ane Olaizola 2014ko irailaren 5a

Irratizalea da Iban Garate (Azkoitia, 1982), eta urteetan telebistan eta zineman aritu eta gero, irrati esatari gisa aritu da uda honetan, Euskadi Irratiko Faktoria saioan, Oihane Yustos kazetariarekin batera. Hiru hilabete igaro ditu irratian lanean, eta esperientzia berriaz hitz egin du HITZA-rekin. Zer moduz joan zaizu uda Faktoria-n? Oso ondo. Oso esperientzia ona izan da, batez ere sekula irratirik egin gabe nengoelako. Berria izan da zentzu horretan, eta erronka bat ere izan da. Komunikabideetan, orain arte, batez ere telebistan aritu naiz. Telebista eta irratia egoitza berean daude EITBn, eta beti han ikusten nuen irratia, eta neure buruari ere esana nion seguruenik egingo nuela hori ere. Espero ez nuen une batean etorri zait aukera, eta zalantza handirik ez dut izan. Erronka profesional bat zen, eta aspalditik halako erronkarik eduki izan gabe nengoen, telebistan behintzat. Irratian lan egiteko modua ikasi ahal izan dut, telebistaren aldean desberdina delako. Arinagoa da, eta norberak gauza gehiago egin behar ditu bere kabuz. Asko asetu nauen lana izan da, nahiz eta uda lanean igaro behar izan dudan. Gustura al zaude emandakoarekin? Neure buruarekin oso zorrotza naiz. Asko dago hobetzeko, baina gure helburua entretenitzea zen, eta hori bete dugula uste dut. Mezu hori jaso dut. Erronka txiki bat ere bagenuen lehiaketa baten inguruan; jendeak irratira telefonoz deitzeko ohitura galdu egin da, eta modu batean hori berreskuratu egin dugula ere uste dut. Magazin bat gidatu duzu. Eroso sentitu al zara formatu horretan? Magazinak entretenimendua eta informazioa uztartzen ditu. Faktoriaren lehen zatia informazio alorrekoa da, eta bigarrena entretenimenduari dagokiona. Orain arte entretenimendua egin izan dut, eta orain informazioa probatzeko aukera izan dut. Eroso sentitu naiz, entretenimendua egiten duenak ez duelako zertan hori bakarrik egiten jakin. Eta gustatu al zaizu informazioaren alorra? Informazioa betidanik gustatu izan zait. Egia da elkarrizketa sakonak egiteko gaurkotasunari oso lotuta egon behar duzula. Informazioa lantzen duzunean hala egoten zara, baina entretenimenduarekin beharbada alde batera uzten duzu hori. Gaiak jarraitzen dituzu, baina bizitza pertsonalean jarraitzen ditugun neurrian. Hor murgilduta ez bazaude zaila da elkarrizketa sakon bat egitea. Dena den, oraingoan batez ere entretenimendua landu dut, eta zentzu horretan ez dut estuasunik izan. Froga bat izan da niretzako, informazioaren alorrean hanka bat sartzeko. Irratian aurreneko aldiz aritzeaz gain, zuzenekoan aritu zara. Horrek presio gehiago eragin al dizu? Zuzenekoa beti da berezia zentzu horretan, baina irratian ia guztia egiten da hala. Irratian ez bezala, telebistan irudia ere badago, eta oso garrantzitsua da eszenaratzea. Irratian, askatasun gehiago daukazu, musika jartzean deskonektatu edo ondokoarekin hitz egin dezakezulako. Beraz, irratiko zuzenekoak ez du telebistakoak baino beldur gehiago ematen. Irratian, zailena da saio oso bat euskaraz betetzea, hitz egin behar dizun horrek ere euskaraz egitea eta egunero gai desberdinak ateratzea da zailena. Gainera, denok dakigu udan ez dela gai askorik izaten. Horiek izan dira nire erronka nagusiak. Lana egiterakoan salto handia antzeman al duzu telebistatik irratira? Telebistan lana banatuta dago, eta bakoitzak oso ondo daki zein den bere egitekoa. Telebista saio bat egiteko behar den jende kopuruarekin, irratiak urte osoko programazioa egin lezake. Irratian, ia guztia norberak egiten du, eta saltorik handiena hori izan da. Batez ere aurkezle lanetara ohituta nengoen orain arte, baina oraingo lana izan da gaiak bilatu, telefonoa hartu eta elkarrizketak lotu eta eszenaratzea. Inguruan lagun oso onak eduki ditut, asko lagundu didate. Aurreneko astea gogorra izaten da denentzat, eta niretzat ere ez da errazan izan. Askok diote irratiak baduela halako xarma berezi bat. Zuk ere hala sentitu al duzu? Irratia asko entzuten nuen lehendik ere, eta aitortzen nion magia berezi bat bazuela. Irratiak desagertu egin behar zuela zirudien, inguruan sortu diren medioengatik. Baina guztiak dira elkarrekiko osagarriak, eta irratiak daukan abiadurarik besteek ez dute. Horregatik dauka irratiak xarma. Gainera, badu ospe bat, beste askok galdu egin dutena. Irratian gaiak sosegu gehiagorekin jorratzen dira, eta elkarrizketatzaileak ere errazago animatzen dira hitz egitera, irudiaren kontuagatik. Askotan, izen handiko pertsonak erakartzen ditu irratiak. Aurrera begira, proiekturik baduzu? ETB 1ek talent show bat hasiko du urria inguruan, eta hura aurkeztuko dut. Abesten duten taldeen inguruko saioa da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide