http://youtu.be/qJ5_mJPraLs
Jazz ukituak, blues-a, gogorra batzuetan, intimoa... Aurpegi asko ditu Indigoren musikak. Duela hamar bat urte sortu zuen Iñigo Azpitartek (Zarautz, 1984) proiektua, bakarka. Orain zazpi kiderekin elkartu da, eta Kutxa Kultur jaialdian joko du gaur arratsaldean, Donostian. 21:00ak aldera hasiko dira emanaldiarekin, Igeldoko agertoki handian. «Aukera polita» izango da zarauztarrarentzat euren lana ezagutarazteko, baita kaleratu berri duten maketa zabaltzeko ere. Bost abestiko lana eskuragarri dago
thebandindigo.bandcamp.com orrian, taldearen Facebook orrian nahiz beren kontzertuetan.
Gaur Kutxa Kultur jaialdian joko duzue. Zein aldarterekin zaudete halako jai handi batean parte hartzeko?
Ilusio handiarekin eta eskertuta gaude halako aukera bat eskaini digutelako. Taldekide guztion sentsazioa da hori. Lan asko egin dugu orain arte, eta orain gozatzeko gogoa daukagu. Aukera polita da egiten duguna erakusteko. Ea jendeak ere gurekin gozatzen duen.
Zentzu horretan, errespetua ematen al dizue?
Izugarria. Baina lan ikaragarria egin dugu, eta gozatzera joango gara, errespetu guztiarekin. Izan ere, ez dakigu berriz ere mota honetako jaialdi batean jotzeko halako aukerarik izango dugun.
Kutxa Kultur-eko antolatzaileek lehiaketa moduko bat antolatu zuten, talde batzuri jaialdian jotzeko aukera emateko, eta besteak beste, Indigo hautatu zuten. Horren bila joan al zineten?
Ez, egia esan. Norbaitek jakinarazi zidan lehiaketarena, baina gero ahaztu egin zitzaidan. Azken unean pare bat bideo zaharren estekak bidali nituen lehiaketara, inolako asmorik gabe. Horregatik, hunkitu egin nintzen Kutxa Kultur jaialdian jotzeko hautatu gintuztela jakin nuenean. Egun hartan antzerkiko kontu batean buru-belarri sartuta nenbilen, eta berri hori jasotzea polita izan zen.
Bakarlari gisa aurkeztu zinen lehiaketara, baina gaur zortzikote bezala emango duzue kontzertua. Proiektua goitik behera aldatu al duzu?
Bai.Urte hasieran bakarka jotzen hasi nintzen, eta eroso sentitzen nintzen. Baina iruditzen zitzaidan kantu batzuk janztea egokia litzatekeela. Oriol Flores eta Iker Lauroba ezagutu nituen orduan. Lehena bateriarekin eta bigarrena pianoarekin, abestiei forma ematen hasi ginen, eta pixkanaka zortzikotea osatzen joan gara. Floresek, Laurobak, Ane Bastidak (baxua), Andoni Gartziak (gitarra elektrikoa eta tronpeta), Nerea Lasagak (txeloa), Leire Badiolak (ahotsa), Eneko Sierrak (saxofoia) eta zortziok osatzen dugu orain Indigo.
[caption id="attachment_107449" align="aligncenter" width="300"]

Iñigo Azpitarte (Aritz Mutiozabal/Hitza)[/caption]
Bakarlari izatetik taldera pasata, musika bera ere aldatu egin da. Nola definituko zenuke orain Indigo?
Nik abestiak momentuaren arabera egiten ditut. Azkenean, Indigok eragin asko ditu, oharkabean jasotakoak. Jazz ukitua du, baina zenbait unetan gogorragoa ere izan daiteke. Oso zaila egiten zait definitzea; oso eklektikoa da gure abesti zerrenda.
Lerro bat jarraitzen duzue:sentiberatasuna eta emozioa.
Ni musika arloan ez naiz aditua; tripetatik ateratzen zaidana egiten dut, ateratzen zaidanean. Ez dugu lanik egiten abestia ateratzeko; behin ateratzen denean lantzen dugu.
Badirudi Indigo orain ari dela forma hartzen, baina zuk duela hamar urte jarri zenuen proiektu horren hazia. Nola izan zen?
Nik asko idazten nuen. Gero Estatu Batuetara joan nintzen bizitzera eta egun batean gitarrarekin jotzen nekizkien laupabost akorderekin letrak uztartzen hasi nintzen, eta abestiak sortzen hasi ziren. Kontua da ez dudala inoiz sinetsi, buelta asko eman ditudala eta ez dudala serio hartu. Orain erabaki dut proiektu honi maitasun pixka bat jartzea, barruak ere hori eskatzen didalako. Eta horretan nabil.
Eta lehenengo emaitza da gaurko kontzertua eta argitaratu berri duzuen maketa.
Duela hilabete edo kaleratu dugu seme txikia. Bost abestik osatzen dute
Out of here lana. Maketan ez dugu zortzi kideok hartu parte; Laurobak piano akorde batzuk sartu ditu, eta txelo eta akordeoia ere gehitu dizkiogu abestiei. Oso intimista izatea nahi nuen, lasaia, bakarkakoa bezala.
Maketan lau partaide, eta kontzertuan zortzi. Askotariko formatuak erabiliko al dituzu zuzenekoetan?
Nik uste egoeretara eta lekuetara egokitu egingo garela; izan ere, abestiak ere oso ezberdinak dira euren artean. Ez da gauza bera halako jaialdi batean jotzea, ala taberna batean kontzertu bat eskaintzea.
Eta zer etorriko da Kutxa Kultur jaialdiaren ondoren?
Soreasun, Azpeitian joko dugu laster, eta beste hainbat kontzertu ere ari gara lotzen. Jarraitzeko asmoa badugu.
Musikan zentratuta, zertan dabil Iñigo Azpitarte aktore bezala?
Traganarru obrarekin lau funtzio ditugu. Horrez gain, Amaia Irazabalekin obra bat sortzen ari gara:
Arrautza.