Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zestoan nabaria da festa usaina aurreko astetik, baina ofizialki gaur hasiko dituzte amabirjinak, eta astelehenera bitartean jaiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Aurreko urteetako festen jarraipena izango dira aurtengoak ere, antolatzaileek egitarau antzekoa prestatu baitute —Ardi Txakur Lehiaketa izango da aldaketa bakarra—. Amabirjinetarako aurrekontua murriztu badute ere, ordea, festa xumeak baina eskaintza zabalekoak direla azpimarratu du udalak. Izan ere, jendearen parte-hartzeari esker ekintza asko izango direla aurreratu dute; hala, ume, gazte eta helduek ez dute aspertzeko modurik izango datozen egunetan.
Zestoako Gure Esku Dago ekimeneko ordezkariek izango dute suziria botatzeko ardura aurten. «Biziagoa eta koloretsuagoa izango da txupinazoa». Ondoren etorriko dira ohiko kalejirak, kontzertuak, bazkari eta afariak, paella lehiaketak, umeentzako jolasak... Eta baita zekorketak ere. Aurten, gainera, harmailen zati batean hesi homologatuak jarri dituzte, egungo araudia betetzeko asmoz. «Zailtasunak izan ditugu egungo araudira egokitzeko, eta azken bizpahiru urteetan harmailekin zer egin erabakitzeko hausnarketetan gabiltza», esan du udalak. Gaur egun egurrezkoak dituzte, eta horiek legea ez dutenez betetzen, beharrezkoa izan dute aldatzen hastea. Hala, zati batean burdinezko hesiak jarri dituzte, egurrarekin forratuta. Aurtengoa froga bat izango da, eta hesiak zatika aldatzen joateko asmoa du udalak.
Jan-edana ere nagusituko da amabirjinetan, eta bazkarietarako txartelak salgai dira dagoeneko tabernetan. Gaur bertan, txupinazoa eta gero, herri afari bat egingo dute Jon Maia eta Onintza Enbeita bertsolariekin. Txartelak ikasle eta langabetuentzat hamar eurotan eta soldatapekoentzat hamabost eurotan jarri dituzte salgai. Igandean, berriz, Gazte Afaria egingo dute txosna gunean, eta hara joateko txartelak ere Koiote eta Uztapide tabernetan eros daitezke, hamar eurotan.
Ekain Guraso Elkarteak, bestetik, larunbaterako ume, gaztetxo eta helduen bazkaria prestatu du, eta boluntarioen laguntza eskatu du mahaiak jarri eta zerbitzatzeko. Mahaiak jartzeko 11:00ak inguruan elkartuko dira, udaletxe azpian, eta ahalik eta jende gehien elkartzea eskatu du. Bazkaria 14:30ean izango da, eta harako ere gurasoen laguntza behar dutela azpimarratu dute, «jende asko zerbitzatu behar delako».
Pilota partidak, aldatuta
Zestoako Pilota Elkarteak beste urte batez hitzarmena lortu du Asegarce enpresarekin, eta horri esker aurten ere «lehen mailako pilota ikuskizunez» gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Horren adibide izango dira bihar arratsaldeko partidak. Bi norgehiagoka izango dira Zestoako kiroldegian, 18:00etan, baina azken orduko lesioen eraginez, pilotari batzuk aldatu behar izan dituzte. Hasiera batean Artola eta Apraiz ziren jokatzekoak Saralegi eta Larunberen aurka, eta ondoren Olaizola II.ak eta Beginok Urrutikoetxearen eta Albisuren kontra jokatu behar zuten. Saralegi eta Olaizola II.a, ordea, ez dira izango azkenean, lesioen ondorioz, eta beraz, honako partidak jokatuko dituzte: batetik, Arretxe eta Larunbe pilotariak Mendizabal III.aren eta Apraizen aurka ariko dira, eta ondoren Artola eta Albizu eta Urrutikoetxea eta Begino bikoteen arteko partida ikusteko aukera egongo da.
Elkarteak jakinarazi du, gainera, «baldintza ekonomiko onean» hitzartu dutela jaialdia, eta beraz, aurten merkeago jarri dituzte txartelak salgai, ikusleak erakartzeko asmoz. Azken hamar urtetan 30 eurotan saldu izan dituzte sarrerak, eta aurten 20 eurora jaitsi dituzte. Dagoeneko salgai daude sarrerak, eta aurrez erosi nahi dutenek 638-03 91 24 telefonora deitu dezakete.
Horrez gain, Zestoako V. Gazteen Txapelketako finalak jokatuko dituzte gaur, 17:00etan, Gurutzeaga pilotaleku zaharrean. Abuztuaren 18an hasi zen txapelketa, eta bi astetan hainbat pilotari lehiatu dira frontoian.
Bilketa sisteman moldaketak
Festen eraginez, aldaketak izango dira hondakinen bilketa sistemari dagokion ordutegietan. Igandean eta astelehenean, gauez egin beharrean egunez jasoko dituzte herriko hondakinak, eta herritarrek 10:00etatik 12:00etara bitartean atera beharko dituzte. Herriguneko ordutegiarekin batera, Arroa Behekoa eta Iraetakoa ere aldatu egingo da, baina horietan tarte gehiago izango dute hondakinak ateratzeko, eta 09:00etatik 12:00ak artean utzi ahal izango dituzte.
Bilketa puntu batzuk ere aldatu egingo dira, gaurtik zezen plazako hesia kendu artean. Hala, Arretxe Plazako bizilagunek Toribio Altzagan edo Portalea kalean utzi beharko dituzte hondakinak, eta Kaleokerrakoek eta Elizkalekoek, Pio Baroja kalean.
Taberna, elkarte eta ekintza berezien antolatzaileek, berriz, gaurtik astelehenera bitartean beren hondakinak kudeatzeko zerbitzu osagarriak izango dituzte eskura, eguneroko bilketaz gain. Batetik, Kutxabank parean hondakin organikoarentzako edukiontzia jarriko dute, eta horretarako giltza izango dute. Bestetik, Zubimusun dagoen larrialdi guneko txartela ere banatu zaie, eta horiek nahi duten orduan erabili ahal izango dituzte. Ondoren, festak amaitutakoan Zestoan Garbi bulegoan itzulu beharko dituzte giltzak. Era berean, herritarrek edozein zalantza edo larrialdi badute, bulegoa zabalik izango dute gaur eta astelehenean, ohiko ordutegian.