Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iñakiren bideak mendi bizikleta martxa eskualdetik igaroko da aurten ere, eta iaz bezala, Zarautz-BTT-Pagoetako kideek bat egingo dute egitasmoarekin igande honetan. Errepide istripuz hil zen mendi bizikletako Iñaki Lejarreta txirrindulariaren omenez antolatzen da, eta bi egunetan etapaz etapa eta txandaka mendi bizikletan Euskal Herriari bira ematen zaio gelditu gabe. Berriz herrian hasi eta bukatzen da martxa, Lejarretaren jaioterrian.
«Iaz txanda gauez izateak azpiegitura zaildu bazuen ere, partaidetza ona izan zen. Aurten, ordea, goizeko 10:00etan ailegatuko dira hondarribiarrak Talaimendin kokatuta egongo den txanda tokira, eta beste urte batez gustura hartu dugu Mutrikuko Olatz ermitaraino lekukoa eramateko ardura», adierazi dute Zarautz-BTT-Pagoetako kideek. Zarautz-Zumaia-Elorriaga-Sakoneta-Itziar-Deba eta Olatz bitarteko mendi bide eta txoko ederretaz gozatzeko aukera izango dute kirol egitasmo honetan parte-hartzera animatzen direnek.
Ibilbide osoak 39 kilometro ditu, eta zailtasun ertainekoa da. Parte-hartzaile bakoitzaren sasoira eta beharretara ere egokitu daitekeela azaldu dute, tarte batzuk bakarrik eginez, adibidez. Lekukoa 10:00etan hartuko dute, baina ordu laurden lehenago jarri dute hitzordua; hau da, 09:45ean elkartuko dira zarauztarrak. «Ederra izango litzateke gutxienez Talaimenditik -Vista Alegreraino doan tartea guztiok batera egitea, Zarautzen dugun bizikleta zaletasuna eta honen erabilpen segurua aldarrikatzeko beste aukera aproposa baitugu oraingoan ere».
Bizikletazaleen bilgunea
Zarauzko eta inguruko zaleei ekimenean parte hartzeko gonbitea luzatzea gain, Zarautz-BTT-Pagoetako kideek errepidean bizitza galdu duten bizikletazale guztiak gogora ekarri nahi ditu. Azken finean, txirrindulari eta garraiobideen arteko errespetua, 1,5 metrotako segurtasun tartea gordetzea eta errepidean guztiontzako espazioa zaintzeak duen garrantzia aldarrikatu nahi dute. Hala egingo dute igandean.