[caption id="attachment_107371" align="aligncenter" width="300"]

Orion oporraldia pasa duten Mendebaldeko Saharako haurrak herrira iritsi berritan Gueraraorioko bi kiderekin. (Egilea: Aiora Larrañaga)[/caption]
Udaberrian sortu zuten Gueraraorio Elkartea, oriotarrak Argeliako Tindufeko Kanpamenduetan bizi diren Mendebaldeko Saharako herritarrek bizi duten egoera latzaz kontzientziatzeko eta horiei oriotarren laguntza bideratzeko asmoz. Elkarteko kideek udan Guerara herriko lau haur ekarri dituzte Oriora oporraldia pasatzera, Yasmine, Mariam, Bachid eta Said. Arduradunak "oso gustura" daude esperientziarekin eta datorren urtean "errepikatzea" gustatuko litzaieke. "Orain arte Sahara Mendebaldeko haurrak harrera familiekin igarotzen zuten uda. Dena dela, azken urtetan krisi ekonomikoaren eraginez joera ahulduz joan da eta urtez urte Oriora etortzen zen haur kopurua txikituz joan da". Horri aurre egiteko, plateamendua aldatu eta haur guztiak batera pisu batean biltzea erabaki zuten Gueraraorio Elkartekoek. Jokin Uranga elkarteko kidearen iritziz, emaitza "oso onak" eman ditu esperientziak. Oriora etorri diren lau haurrek aurretik Euskal Herrian udako oporraldia igaro izan zuten, baina "haurrentzat ez da erraza izaten beren familietatik urruntzea. Horregatik, beren herriko beste haurrekin bizita egunerokoa errazagoa egiten da".
Astean zehar lau haurrak pisu batean bizi izan dira begiraleekin eta asteburuak hainbat familiekin igaro dituzte. "Astean zehar, gosaldu ondoren, goiz partean kirola egitera joaten ziren haurrak Karela Kiroldegira eta hainbat kirol probatzeko aukera izan dute. Arratsaldetan, berriz, begirale batekin ekintza desberdinak egiten aritu dira" azaldu du Urangak. Gueraraorioko kideak parte-hartze zuzena izan dute haurren egunerokoan eta hasiera batean uste baino lan gehiago izan dela aitortu du Urangak. "Haurrekin egunerokoan ezustekoak gertatzen dira eta horiek denak ez genituen kontutan hartu hasiera batean". Hala ere, dena "oso ondo" joan dela eta haurrek oporraldian zehar bataz beste hiru kilo inguru hartu dituztela zehaztu du.
Gueraraorio Elkarteak Orioko Udalaren eta herriko hainbat merkatarien laguntza izan du Sahara Mendebaldeko haurrak Oriora oporraldia pasatzera ekartzeko; horregatik, elkartetik eskerrak eman nahi dizkiete asteburuetan haurrekin izan diren hamar familiei eta beren laguntza eskaini duten Orioko merkatariei: Sayalero, Dorronsoro-Spar eta Eroski Center saltokiei, janari-bankuari eta Caritasi. Orioko Udaleko Ongizate Saila ere "oso gustura" dago proiektuarekin eta azpimarratu dute "legealdi honetako proiektu hunkigarrienetakoa" izan dela.