Pilar Aizpitarte. Aktore beteranoetako bati agur

Nerea Uranga 2014ko irailaren 4a

06 Joan den abuztuaren 10ean hil zen Pilar Aizpitarte aktore azpeitiarra, 82 urte zituela. Azpeitiar aktore beteranoetako batek agur esan du. Urte askotan aritu zen antzerkian, baina telebistako hainbat saiotan ere jardun zuen. Herriko aktore beterano askok bezalaxe, Pasioa izan zen Aizpitartek egindako aurreneko antzezlana. Aurreneko paper hartan, hitzik ere ez zuela esaten kontatu zion Aizpitartek Urola Kostako Hitzari emandako elkarrizketa batean: «Bakar-bakarrik Jesukristoren aurrean jarri eta hura hiltzen ari zela-eta negar egin behar nuen». Baina, antzerkia barreneraino sartu zitzaion orduko hartan, «ederra izan zen», zioen. Antzerkia egiten «gozatu» egiten zuela aitortu izan zuen: «Antzerkiak poz asko eman dizkit». Gero, Azpeitiko Antxieta antzerki taldean hasi zen, Imanol Elias Odriozolarekin.  1981ean sortu zen antzerki taldea, eta Azpeitian antzerkiari bultzada berria eman zion horrek. 1983an Euskal Antzerki Topaketak sortu ziren. «Imanolek deitu zidan antzerkirako, eta antzerkian ikasi dudan guztia Imanolekin ikasi dut», esan ohi zuen Aizpitartek. Ordutik, hamaika antzezlanetan parte hartu zuen aktoreak Antxieta taldearekin. Antxietak azkeneko lana 1997an egin zuen, Nagore Aranburuk idatzitako Ama minutu gauerdirako antzezlana. Aizpitartek Antxietan taldea desagertu arte jardun zuen, azken lanean ere parte hartuz. Oholtza gainean jardutea oso gustuko zuen, «hazi egiten nintzen. Orduan esaten zidaten: ‘Hi plazagizona haiz!’». Antzerkian gehien kostatzen zitzaiona, testua buruz ikastea zela aitortzen zuen. Antzerkian batik bat «neskamearen papera» egitea egokitu zitzaion: «Askotan pentsatzen nuen niri Euskal Herriko Gracita Morales deituko zidatela». Azpeitiko Kultur Mahaiak esan bezala, «herritik bertatik euskal kulturaren alde lan asko egin zuen Aizpitartek eta hainbatetan onartu zitzaion hori». Antzerkian eta euskal kulturaren aldeko lan horren erakusle dira Aizpitartek jasotako sariak: Azpeitiko II. Euskal Antzerki Topaketetan amateurren emakume aktore onenaren saria jaso zuen eta 2008an, XXVI. Euskal Antzerki Topaketetan Txalo saria eman zion Azpeitiko Udalak. Gainera, euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik 2003an Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen, Enrike Zurutuzarekin batera. 2004an Azpeitiko Udalak ekoiztutako Maritxu nora zoaz antzezlana izan zen Aizpitarteren azkena. Ordurako antzerkia utzita zuen, baina han parte hartzeko proposamenari ez zion uko egin. Euskal Telebistako hainbat telesailetan ere aritu zen Aizpitarte: Goenkale-n, Ertzainak-en eta Martin-en esaterako. Herrian bezalaxe hitz egiteko esaten ziotela, eta azpeitiarrez jarduten zuela zioen aktoreak. Telesailerako grabatzera joan eta «urduri» jartzen zela kontatu zion Hitzari: «Testua ahaztuko ote zitzaidan beldurrez egoten nintzen».  Azpeitiko Zine Klub Taldekoek egindako Mateo Txistu filmean ere parte hartu zuen azpeitiarrak. Antzerkia afizio izan zuen, eta bere bizitzako azken urteetan ere ez zuen erabat alde batera utzita izan. Pilar Aizpitartek azken urteak Azpeitiko San Martin Egoitzan bizi izan ditu, eta hango festa eta ospakizunetan jendaurrean jardun izan du behin baino gehiagotan: ekitaldiak aurkeztuz nahiz inauterietako ostegunetan antzerkiak eginez bertako egoiliarren eta langileen aurrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide