[caption id="attachment_107354" align="aligncenter" width="300"]

Ezkerretik hasita, Aser Lertxundi, Inma Saenz Santamaria, David Agirrezabalaga eta Juanan Urdangarin, eskubaloiko logo berriarekin. Amaia Ventas[/caption]
"Kirol atal 50 urte betetzea garrantzitsua da; ni neu oso harro sentitzen naiz. Luxua da kirol elkarte honetako lehendakaria izatea, eta are gehiago eskubaloia bezalako atal bat izanda horren barruan", adierazi zuen atzo arratsaldean Esteban Collantesek, ZKEko lehendakariak Zarauzko eskubaloiaren logo berriaren aurkezpenean. Duela mende erdi "amets bat" izan zuten "aitzindari haietaz" gogoratu zen Collantes, eta haien lana aitortu: "Eskubaloia da Zarautzen lizentzia gehien dituen kirola; ez ohikoa da hori. Oso zaila da eskubaloia indar gehien duen kirola izatea herri batean". Horregatik, eskubaloi ataleko kide guztiak zoriondu ZKEko lehendakariak, "lan ikaragarria" egiten ari direlako.
"Zarautzen ia denok aritu gara eskubaloian", zehaztu zuen Aser Lertxundik, Zarauzko Kirol zinegotziak, eta aitortu zuen talde "eredugarria" dela: "Eskubaloiarekin Zarautzen lortu den giroa beste inon ez da ikusten. Eta are gehiago aurten federazioaren aldetik lortu duzuen sariarekin. Oso onuragarria da hori guztiontzat; Zarauzko eskubaloiari esker udalerria kirolaren mapan kokatu duzue". Hori horrela, ahal den neurrian eta etorkizunera begira arlo horrek dituen beharrei erantzuten saiatuko da udala, Lertxundiren arabera. "Segitu horrela, ea beste 50 urte betetzen dituzuen", zoriondu zituen bertaratu zirenak.
Denboraldi osoan erakutsiko dute logo berria, Zarauzko eskubaloiak 50 urte bete dituela gogoratzeko. David Agirrezabalaga Amenabar taldeko jokalariak sortu du irudi berria. Bi jokalari ageri dira logoan, bata erasotzen eta bestea defendatzen. 50 zenbakia irudikatzen dute biek, eta horiek
Z hizkiarekin daude lotuta. "Zarautzi egiten dio erreferentzia
Z horrek, herria beti egon delako lotuta eskubaloiari".
Ekitaldi gehiago mende erdia ospatzeko
50. urtemuga dela eta, logoa aurkezteaz gain, beste hainbat urrats emango dituzte eskubaloiko kideek. Urteurreneko ekitaldiak antolatzeko batzorde berezia sortzen ari direla aurreratu zuen Juanan Urdangarin eskubaloiko batzordeko kideak. Egitaraua zehazteke dute oraindik, baina zerbait aurreratu zuen Urdangarinek: "Euskadiko selekzioko nazioarteko partida bat nahi dugu jokatu Zarautzen, ea lortzen dugun. Eta baita naziorte mailako besteren bat ere".
"Urtetan atalarekin egon diren" babesleak zein emakumeen arloa aipatu zituen bereziki Urdangarinek: "Une honetan nesketan jokalari gehiago dago gizonezkotan baino. Urtetan lan handia egin da emakumeak erakartzeko eta emaitza izan du. Hori ere nabarmenduko dugu urteurren honetan". Erakusketa bat ere antolatuko dute argazki zaharrekin. Eta baita beste hainbat ekitaldi prestatu ere.