Jada 70 haurrek eman dute izena Aia-Orio Triatloi Txikirako

Nerea Uranga 2014ko irailaren 4a

Aurten, aurreneko aldiz, Aia-Orio Triatloi Txikia proba irekia egingo dute. Hau da, 8 urtetik 16 urtera arteko nahi duten haur eta gaztetxo guztiek hartu dezakete parte. Larunbatean jokatuko dute, eta lehen proba 11:00etan hasiko da, Txurrukako aterpetxearen aurrean. Antolatzaileen arabera, proba «ludikoa eta parte-hartzailea» da, «ez da denborarik hartuko eta partaide guztiak irabazletzat hartuko dira». Orain arte Nik Tri egonaldiaren azkeneko egunean egiten zuten triatloi txikia, baina udalekuetakoek bakarrik parte hartzen zuten. Aurten, ordea, parte hartzea zabaldu egin dute: «Aurten udalekuetan egun bat gehiago egingo dugu, eta aurreko aldietan bezalaxe, triatloi txikia jokatuko dugu, baina oraingoan parte hartu nahi duten guztientzako irekia da». Izena emateko aukera Triatloi Txikian parte hartzeko izena Nik Tri webgunearen bidez eman daiteke. Bihar bertan amaituko da internetez izena emateko epea. Hala ere, etzi proba hasi aurretik ere egongo da aukera parte hartu nahi duenarentzat. Dagoeneko 70 haur eta gaztetxok izena eman dute. «Polita izango da ikusteko», iritzi dio Llanosek. Triatloi txikiko probak 11:00etatik 13:00etara artean egingo dituzte. Zirkuituak adinen arabera antolatu dituzte, eta lau multzotan banatuta jokatuko dituzte: 8-10 urte artekoek 50 metro igeri, 1.000 metro bizikletan eta 250 metro korrika egingo dituzte; 11-12 urtekoek 100 metro igeri, 2.000 metro bizikletan eta 500 metro korrika egingo dituzte; 13-14 urtekoek 150 metro igeri, 3.000 metro bizikletan eta 750 metro korrika; eta, 15-16 urtekoek 200 metro igeri, 4.000 metro bizikletan eta 1.000 metro korrika.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide