Lagunartean triatloiaren erraietan

Nerea Uranga 2014ko irailaren 4a

Ondo pasatzera etorri gara, lasai hartu, dena ez da lehia. Beti ez da irabazten, galtzen ere jakin behar da», esan dio Nik Tri triatloi udalekuetan parte hartzen ari den neska batek mutil bati. Biak igerilekura jauzi egin eta erreleboetako ariketa hasteko prest jarrita daude Orioko Txurruka aterpetxeko igerilekuaren ertz batean. Esan bai, baina beste gaztetxo batek proba hasteko keinua egin orduko, igerilekura jauzi egin eta ahal duena egiteko ahalegina egin du neskak. Astearte eguerdia da, eta igeriketa eta txirrindularitza lantzen ari dira Nik Tri triatloi udalekuetan parte hartzen ari diren 32 haur eta gaztetxoak. Era berean, bi kirolen arteko trantsizioa ikasi dute: igeri egitetik irten eta bizikleta hartu aurretik elastikoa, oinetakoak eta kaskoa nola jantzi; dortsalaren gerrikoa ere jarri behar dute. Aterpetxe aurreko zelaia bizikletaz beteta dute, eta bakoitzak bere bizikletaren ondoan jarrita ditu elementu horiek guztiak. Aurreko astelehenean hasi zituzten Nik Tri udalekuak Orion, eta ostiralera arte dituzte udalekuetako ekintzak. Gero, larunbatean Aia-Orio Triatloi Txikian hartuko dute parte. Aurrena kirola, gero aisia Proiektuaren kirol zuzendaria Hektor Llanos prestatzaile eta triatloiaria da. Harekin batera, kirol ekintzak Edurne Aldasororekin eta Nerea Muruarekin egiten ari dira haurrak. Egunero, bazkalordura arte egiten dituzte triatloiari lotutako jarduerak. «Egunero saiatzen gara kirol desberdinak egiten: gaur [herenegun] adibidez igeriketa eta bizikleta landu ditugu, eta bi kirolen arteko trantsizioa landu dugu. Egunero kirol bat edo bestea lantzen saiatzen gara», azaldu du Llanosek. Triatloiko hiru diziplina nagusiak lantzearekin batera, mekanikaz, elikaduraz eta bestelakoez ere aritzen dira. Lehiakortasunaren beste aldea ere lantzen saiatzen dira: «Esan ohi diegu ez daudela lehiaketa batean, baina kirol ekintza lantzen hasi orduko ahaztu egiten zaie». Arratsaldean, berriz, aisialdiko beste jarduera batzuk egiten dituzte Zarauzko Arazi enpresako hezitzaileekin. Nik Tri triatloi udalekuek laugarren urtea dute aurten. Llanosen arabera, haur eta gaztetxoei beste aukera bat eskaini eta guraso batzuen eskaerari erantzuteko sortu zituzten. «Aspaldi genuen horrelako zerbait antolatzeko asmoa, eta gaztetxoen artean triatloia ezagutaraztekoa. Bestelako gauzak egitea zaila da eta zailtasunak daude, eta orduan udalekuak antolatzen hasi ginen», azaldu du Llanosek. Udalekuen helburua, triatloia ezagutarazi eta ondo pasatzea da. Lehen urtean Getariako Askizun egin zituzten, ondoren Zarautzen, eta Orioko Txurruka aterpetxean bigarren urtez ari dira egiten. Urtetik urtera gero eta harrera hobea duela azpimarratu dute udalekuen antolatzaileek. Kopurua bikoiztu Udalekuetan parte hartzen ari den gazteenak 10 urte ditu, eta zaharrenek 15-16 urte. Aurreko aldietatik parte-hartzaileen kopurua bikoiztu egin da aurten, Muruak esan duenez: «Aurreko urteetan 12-15 lagun etorri dira triatloiko udalekuetara, eta aurten, berriz, 32 ari dira parte hartzen». Gainera, toki gehiagotatik etorri dira oraingoan: «Aurten Gasteiztik ere jendea etorri da. Aurreko urteetan, batik bat hemen inguruko jendeak parte hartzen zuen udalekuetan, eta aurten kanpotik etorritakoak dira asko». «Ez da bakarrik bertako jendearentzako, irekia da, eta Nafarroatik, Bizkaitik eta Arabatik etorritakoak ere badabiltza udalekuetan», gehitu du Llanosek. Horregatik, gustura daude. Udalekuetan parte hartu ahal izateko gutxieneko baldintzak eskatzen dituzte; igerian jakin eta mendiko bizikleta edukitzea, hain zuzen: «Igeriketan pixka bat jakitearekin nahikoa da, ez dugu eskatzen txapelketetan-eta ibiltzea. Batik bat, kirola egiteko gogoa da eduki behar dutena udalekuetara datozenek». Aterpetxean dauden ume gehienetan ikusten da gogoa: elkar animatzen dute, eta baita lagundu ere bizikletarako prestatzen. Lagunek trantsizioa ondo egiten duten ere adi daude batzuk. «Horrek oinetakoak ez ditu ondo jantzita, zigorra merezi du», esan dio batek kirol hezitzaileari. Erreleboak aurrena banaka egin dituzte bi taldetan banatuta, baina bazkaltzeko ordua gainera datorrenez, binaka egitera pasatu dira. Behin eguneko kirol jarduera bukatu eta aterpetxera sartu dira bazkaltzera, indarrak hartzera. Larunbatean, Aia-Orio Triatloi Txikian parte hartuz bukatuko dituzte aurtengo Nik Tri udalekuak. Baina, urtean zehar triatloiari lotutako topaketak antolatzeko asmoa dute: «Aurten aurreneko aldiz egingo ditugu, triatloia lantzen segitzeko gaztetxoekin eta udalekuetako lagunarteari segida emateko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide