[caption id="attachment_107280" align="aligncenter" width="300"]

Jendetza bildu zen iaz Iñurritzan Euskal Jai egunean (Lorentxo Portularrume).[/caption]
Euskal Astean bete-betean sartuta daude zarauztarrak. Hilaren 9a iritsi bitartean, euskal giroko hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera dute herritarrek egunotan. Gaur, esaterako, Ttantaka taldearen Zazpi aldiz elur antzezlana ikusi ahalko dute, hori bai, sarrera aurrez erosi dutenek. Izan ere, dagoeneko agortuta daude sarrera guztiak. Bihar jarraituko dute aste honetarako antolatu ohi dituzten txapelketekin: Bikote Gazteen Dantza eta XXVIII. Bertsolari Gazteen Lizardi sariarekin. Azken horren barruan banatuko dituzte XXX. Basarri Bertsopaper Sariak.
Belarritakoak izeneko bertso sortarekin irabazi du Alaitz Sarasola altzagatarrak sari hori. Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok, Rufino Iraolak eta Asier Azpirozek osatu dute aurten epaimahaia. Iraolak nabarmendu du «teknikoki ongi» osaturiko bertsoak direla eta jorratu duen gaia «gutxi entzuna» dela. «Oro har, ukitzen duten bertsoak dira, emozioa eragiten dutenak, eta hori da garrantziskoena», iritzi dio.
Sarasolak 1.100 euro jasoko ditu eta baita txapela ere. 750 euro eta oroigarria emango dizkiote Aitor Albisturri, bigarren sailkatuari. Terrazako kafea lanagatik jasoko du bigarren saria errenteriarrak. Zortzi puntuko zortzi bertsok osatzen dute, eta amodio harreman arin baten ingurukoa da. Halaber, txosnetan ere izango da zer gozatua, poteo musikatuarekin, afari beganoarekin eta Uluka taldearen kontzertuarekin. Aldarrikapenerako tartea ere izango da: euskal preso eta iheslarien aldeko elkarretaratze bat egingo dute arratsaldean.
Larunbatean, berriz, XXXVI. Aurresku, VII. Soinu Zahar eta Binakako Dantza txapelketak jokatuko dituzte, eta baita Euskadiko Kintopekoen harri jasotze jaialdia ere. Bertan, 21 urtez azpiko lau jasotzaile ariko dira nor baino nor, eta horietatik hiru ZKE Zarautz Kirol Elkarteko Herri Kirol Saileko eskolako kideak dira: Iñigo Eizagirre, Mikel Lopetegi eta Xabat Olaizola, hain zuzen. Laugarren parte-hartzailea Beñat Telleria lasartearra da. Horiek hiru minututan 100 kiloko harri zilindrikoarekin eta beste hiru minututan 100 kiloko harri kubikoarekin ahalik eta altxaldi gehien egin beharko dituzte lehen saria lortzeko.
Gainontzean, EHEk eta AEK-k antolatutako Euskaraz Bizi Eguna ospatuko dute herritarrek, eta aurten berezia izango da: 30. urteurrena beteko duelako euskararen aldeko herri bazkariak. Gurekin Jaik hartuko du festaren lekukoa, eta txosnetan borobilduko dute eguna, hainbat kontzerturekin.
Haurren eta helduen egunak
Igandean Haurren Euskal Jai Eguna izango da. Ohi bezala, dantzari txiki ugari bilduko dira goizetik Zarautzen, eta Alkate Txikiak ongietorria egingo die. Kalez kale dantzan jardungo dute elkarrekin, eta eguerdian une batez bananduko dira, dagozkien familiekin bazkaltzeko. Iñurritzan elkartuko dira arratsaldean, Irrien Lagunekin Irri herri anitz! berbenan.
Haurren egunaren ondoren iritsiko da handien eguna, egun handia. Goiz-goizetik aterako dira kalera herritarrak baserritar jantziak soinean dituztela: batzuk karroekin, besteak goiztiarrez jantzita, beste batzuk kalez kale dantzara...Planak plan, guztiek festa giroan ospatuko dute egun hori gorputzak eutsi artean.
ZARAUZKO EUSKAL ASTEKO EGITARAUA:
Irailak 4, osteguna
- 22:00. Modelo aretoan, Ttanttaka taldearen
Zazpi aldiz elur antzezlana. Sarrerak agortuta.
Irailak 5, ostirala
- 18:00. Udaletxetik hasita, poteo musikatua. Gurekin Jai.
- 19:00. Lege Zaharren Enparantzan, Bikote Gazteen Dantza Txapelketa. Euria egiten badu Modelo aretoan.
- 19:45. Elkarretaratzea Duke Eneatik. Ondoren, poteoaren jarraipena.
- 21:30. Afaria txosnetan jantoki beganoaren eskutik, Gurekin Jaik antolatuta.
- 22:00. Modelo aretoan, Bertsolari Gazteen XXXVIII. Lizardi Saria. Ekitaldi berean XXX. Basarri Saria Bertso Paper Lehiaketaren sari banaketa izango da. Sarrerak salgai daude Kultura Sailean (Sanz Enea) eta Turismo Bulegoan, eta egunean bertan leihatilan. Hiru euro kostako da bakoitza.
- 22:30. Txosna gunean, kontzertua Uluka taldearen eskutik, Gurekin Jaik antolatuta.
- Ondoren. Karaokea txosna gunean.
Irailak 6, larunbata
- 10:30-18:00. Euskaraz Bizi Eguna. (Atzoko egunkarian dator egitaraua, baita webgunean ere).
- 11:30. Lege Zaharren Enparantzan, XXVI. Aurresku Txapelketa eta VII. Soinu Zahar Txapelketa. Euria bada, Modelon.
- 17:30. Lege Zaharren Enparantzan Euskadi mailako Kintopekoen Harri Jasotze Txapelketa. Euria egiten badu Aritzbatalde pilotalekuan.
- 19:30. Lege Zaharren Enparantzan, Binakako Dantza Txapelketa. Euria egiten badu Modelo aretoan.
- 21:00tik aurrera. Gurekin Jai festa batzordeak antolatuta, hainbat ekitaldi txosnetan.
Irailak 7, igandea. Haurren Euskal Jaia
- 10:30. Lege Zaharren Enparantzan, dantzarien bilkura.
- 11:30. Lege Zaharren Enparantzan, Alkate Txikiaren ongietorria. Ondoren, dantzariak kalez kale ibiliko dira.
- Eguerdian. Buruhandi eta erraldoiak trikitilariekin.
- Jarraian. Musika Plazan erromeria trikitilariekin.
- 13:30.Lege Zaharren Enparantzan, haurrak dagozkien familietara bideratuko dira bazkaltzera. Euria egiten badu, Lege Zaharren Enparantzako ekitaldi guztiak Gaztelekuko Zinema pilotalekuan izango dira.
- 17:30. Musika Plazatik Iñurritzara kalejira.
- 18:00. Iñurritzan, dantzari txikien saioa.
- Jarraian. Iñurritzan, Irrien Lagunekin Irri herri anitz! haurrentzako berbena eta Ikastolako kirol zelaian tobogana.
- 20:00. Kalejira Iñurritzatik Musika Plazara.
Irailak 8, astelehena
- 19:30. Muxikoak Musika Plazan, Arranopolak antolatuta.
- 20:00. Frantziskotarren elizan, Zarautz Abesbatzak Salbea abestuko du.
Irailak 9, asteartea. Euskal Jai eguna
- 07:00. Goiz eresia..
- 08:00. Goiztiarrak taldearen irteera.
- 08:30. Kalez kale txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak, eta Iturengo tunturroak.
- 10:30. Frantziskotarren elizan, Schola Cantorumek Herri Mezan abestuko du.
- Ondoren. Frontoi txikian, Goiztiarrak taldearen eskutik pilota partidak, herri kirolak eta bertsolariak.
- 11:45. Alproja taldearen irteera.
- 12:00., Munoan, Alprojaren
Zenbat gerra, lau, bat… antzezlana.
- Aldi berean. Musika Plazan, erromeria trikitilariekin, txistulariekin eta dultzaineroekin.
- Aldi berean. Lege Zaharren enparantzan, erromeria trikitilariekin.
- 13:00.Txosnen irekiera.
- 14:00.Musika Plazan, Lizarrako
Larrain dantza herrikoia dultzaineroekin.
- 17:30. Musika Plazatik Iñurritzara kalejira, karroza, trikitilari, dultzainero eta txistulariekin.
- Ondoren. Iñurritza zelaian, erromeria.
- 18:00. Erromeria txosna gunean Ezten Giro taldearen eskutik, Gurekin Jaik antolatuta.
- 19:15. Iñurritzan, Lizarrako Larrain dantza herrikoia dultzaineroekin.
- 20:30. Kalejira Iñurritzatik Musika Plazara.
- 23:00. Musika Plazan, erromeria trikitilariekin.
- 23:00. Txosna gunean, Marianitoz blai taldearen eskutik.
- Ondoren. Txosna gunean, erromeria Salda Badago taldearen eskutik, Gurekin Jaik antolatuta.