Emakume kide gehiagorekin hasi du denboraldia Xeye Atletismo Elkarteak

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 3a

Azkoitiko eta Azpeitiko Xeye Atletismo Elkarteak hainbat adinetako atletak biltzen ditu, kadete mailatik hasi eta beteranoetara arte. Eta, elkartetik azpimarratu dutenez, azkeneko bi urteetan asko nabaritu da kirol elkarte honetako taldea «handitu» egin dela. Denboraldi berri honetan jende «pila batek» izena eman duela esan dute elkartetik, eta azpimarratu dute batez ere emakumeak izan direla kirol honetan parte hartzeko erabakia hartu dutenak. Egoitz Arruti atletismo elkarte honetako entrenatzaileak adierazi duenez, atzo hasi zuten denboraldi berria: «Kadete mailakoekin hasi gara, eta astean hiru edo lau egunetan izaten dira entrenamenduak». Hala ere, Arrutik dioenez, entrenamenduak egutegiaren arabera banakakoagoak izaten dira. Zortzi urte igaro dira Arruti elkarte honetan sartu zenetik, eta duela hiru urte bihurtu zen atleten entrenatzaile. Arrutik adierazi duenez, maila bakoitzeko sailkapenean «gora» egitea dute denboraldi honetako helburuetako bat. «Itxura onarekin» datozen zenbait gazte daudela azpimarratu du entrenatzaileak, izan ere Euskadiko eta Espainiako txapelketetan parte hartzea da elkartearen beste helburua. Hala ere, Arrutik azpimarratu du kirol honetan oso garrantsitzua dela «ondo pasatzea». Elkarteko kirolari aipagarriak ere zerrendatu nahi izan ditu entrenatzaileak: «Nerea Azpiazu eta Pedro Muñoz maila handiko txapelketetetan parte hartzen duten kirolariak dira. Eta Jon Perez, Aitor Madrazo eta Jone Zabaleta dira, besteak beste, indarrarekin datozten atleta gazteak». Atletismoan aritzeko ahalegin handia behar dela aipatu du Arrutik: «Gustuko izan behar duzun zerbait dela uste dut. Euria egin nahiz beroa egin, entrenatu egin behar da». Punta-puntako korrikalariak izan gabe ere, «korrika egitea gustuko duen jendearekin» ere gogoratu da Arruti. «Mundu profesionalean ez dira egongo, baina Sansilbestrean, Maratoi Erdietan edo horrelako lasterketetan beti parte hartzen dutenak asko dira. Horrelako lasterketetan biltzen da jende gehiena, eta talde giro handia nabaritzen da honelako lasterketetan. Hor nabari dugu azkeneko urteetako aldaketarik handiena», azpimarratu du Arrutik. Ikusle falta, ohitura faltagatik Atletismoa bakarkako kirola da, eta horregatik, jende gehiago animatzen da entrenatzera, lehiatzera baino, Arrutiren arabera. Baina, hala ere, gaur egun entrenatzen hasten diren gazteak «asko motibatzen dira» taldean lana eginez, aitortu du entrenatzaile azpeitiarrak. Arrutik gogorarazi du atletismoa ez dela korrika egitea bakarrik: kirolariak gorako jauzia, pisu jaurtiketa eta xabalina egiten ikusiz nabari da hori. «Hainbat motatako jendea ikusten da, eta hori da benetan taldea eta kirola aberasten duena», esan du entrenatzaileak. Bestetik, atletismo saioetara joateko ohitura falta dagoela nabari dute elkartetik. Kontuak kontu, azken urte honetan erakustaldietan ikusle «dezente» izan dela uste dute. Hala ere, faltan botatzen dute Azpeitian atletismo gunerik ez izateak: «Mugatuta sentitzen gara bai lasterketak antolatzeko orduan, bai jendeari zaletasuna sorterako orduan», esan du Arrutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide