Gauzei bizi berria emanez

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 4a

Aurten ere Azoka Herritik egitasmoa egingo dute irailaren 19tik 21era. Iaz bezala, proiektu honen barruan eta Elkar-ekin taldeak antolatuta, bigarren eskuko azoka egingo dute asteburuan Ganbarak hustu, bete herria elkartasunez lelopean. «Herritarren beharrei erantzungo dien ekonomia solidarioa eta jasangarria bultzatu nahi da», azaldu dute antolatzaileek. Azpeitiarren beharrak betetzeaz gain, bigarren eskuko materialaren «salerosketarako zerbitzua» eskaini nahi zaie herritarrei. Herritarrak saltzaile Edozein herritarrek har dezake parte bigarren eskuko azokan. Bi aukera daude etxean dauden produktu edo tresnak saltzeko: alde batetik, saldu nahi diren produktuak Elkar-ekin taldeari dohaintzan emanez eta, bestetik, produktu horiek azokan postu batean saltzen jarriz. Bigarrengo kasuan, azokan saldutakoaren produktu edo tresnaren %75 saltzailearentzat izango da, eta geratzen den %25 Elkar-ekinentzat. «Lortutako dirua proiektu sozialak bultzatzeko» erabiliko dutela azpimarratu dute antolatzaileek. Denetariko produktuak saldu daitezke: arropak, tresna elektrikoak, aisialdirako produktuak, jostailuak eta kirolerako materiala, besteak beste. Antolatzaileek argitu dutenez, beraiek ziurtatuko dute tresna elektroniko guztiek ondo funtzionatzen dutela. Material bilketa eta bilera Azokan saldu nahi diren produktuak Soreasun egokitutako biltegira edo Sanjuandegiko auzo lokalera eraman daitezke bihartik irailaren 17ra arte. Honakoa izango da ordutegia: astelehenetik ostiralera 18:30etik 20:30era eta larunbatetan 10:00etatik 12:00etara. Bigarren eskuko azokan saldu gabe gelditutako produktuak bi lokal horietan egongo dira jabeen zain. Bestetik, azoka antolatzeko bilera bat egingo dute gaur Sindikatu Zaharrean 19:00etan. Antolatzaileek dei egiten diete herritarrei bileran parte hartzera: «Ziur gaude denon parte-hartzearekin eta elkarlanarekin emaitza hobeak izango ditugula».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide