Kontxako Banderan aritzeko postu baten bila ariko dira gaur eskualdeko zazpi traineru

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko ira. 4a, 05:36

Gaur arratsaldean jokatuko da Donostiako uretan Kontxako Banderarako sailkatzeko proba, eta eskualdeko taldeak nahiz beren jarraitzaileak zer gertatuko den ikusteko irrikaz dira. Arraunzaleek denboraldian zehar adi-adi jarraitu dituzte traineruen gora-beherak, eta udako hilabeteetan taldeak Kontxako Estropadara zer-nolako sasoian iritsiko diren eta halakoen inguruan eztabaidan aritu dira asko eta asko. Dena dela, arraunean faktore askok eragiten dute eta ezustekoren bat izan daiteke urteko estropadarik garrantzitsuenean. Gizonezkoen mailan Orioko trainerua faboritoen artean aurkitzen da. Irakoitz Etxeberria oriotarren patroiak uste du gaur arratsaldean «ahal den estropadarik onena» egin beharra dagoela. «Gure lana egitera aterako gara», azaldu du. «Sailkatze estropada arriskutsua izan ohi da, beti irabaztera joan behar izaten da, Kontxako Estropadan sailkatzera joanez gero, kanpoan geratzeko arriskua egoten baita», aitortu du Etxeberriak; «ez litzateke lehen aldia talde garrantzitsuren bat kanpoan geratzen dena». Oriotarrek sentsazio onak dituzte, dena den: «Azken asteetan lan ona egin dugu, eta sailkatze estropadan ere horretan saiatuko gara». Oriotarrek badakite lehia estua izango dela, etxeko trainerua, Hondarribia, Kaiku eta Urdaibai denboraldian zehar «indartsu eta parean» ibili baitira. Oriotarrez gain, Zarauzko, Getariako eta Zumaiako traineruek ere gizonezkoen sailkatze estropadan parte hartuko dute B taldean. Emakumezkoen hiru talde Emakumezkoetan Zumaiak, Getaria-Zarautzek eta Oriok jokatuko dute Kontxako Banderako sailkatzeko estropada. Zumaiako emakumezkoen traineruak badaki Kontxako Bandera irabaztea zer den, iaz eskuratu baitzuten bandera preziatua. Dena dela, aurtengo denboraldia oso desberdina izan da. «Sentsazio onarekin goaz estropadara. Ilusioa dugu eta gure helburua Kontxako Estropada jokatzeko sailkatzea da. Dena dela, badakigu ez dela erraza izango, faborito nagusiak Hibaika eta San Juan baitira», azaldu du Oihana Erkizia Zumaiako traineruko arraunlariak. Denboraldi gorabeheratsua izan badute ere, taldeak «gora» egin duela uste dute. «Urte hasiera zaila izan zen, lesioak izan genituen taldean, eta berandu hasi ginen traineruan blokea egiten. Nire iritziz hori da emaitza onak lortzeko inportanteena. Ea lan ona egiten dugun». EuskoTren Ligararako sailkatzea lortu ez badute ere, oriotarrak «indartsu» eta Kontxarako sailkatzeko gogotsu daude. «Kontxako Estropada jokatzea da gure helburua eta ilusioa. EuskoTren Ligarako ez ginen klasifikatu, baina denboraldian zehar aldaketa eta hobekuntza nabarmena egin dugu, eta geuru buruan konfiantza handia dugu. Gure asmoa ahal dugun lanik txukunena egitea da, eta horrela bada, sailkatzeko aukerak izan ditzazkegula uste dugu», azaldu du Lukene Lizaso Orioko emakumezkoen traineruko arraunlariak. Getaria-Zarautz trainerua uretaratu den lehen urtea izan da aurtengoa, eta gaurko estropadari begira duten helburua giroa bizitzea da. «Sailkatzea oso zaila izango dugu. Orain arteko denborak ikusita puntako taldeetatik urrun gaude, eta azken asteetan sentsazio onak berreskuratu baditugu ere, gorabehera handiak izan ditugu denboraldian zehar», aitortu du Mertxe Aizpurua Getaria-Zarautz traineruko entrenatzaileak. Talde berriari lehen urteetan esperientzia hartzea tokatzen zaiola uste dute. «Inoiz Kontxako Banderarik jokatu ez duten arraunlariak baditugu, eta horientzat estropada berezia izango da». KONTXAKO BANDERA. Sailkatze estropada - Emakumezkoena. 17:30ean da. Denera zortzi traineruk parte hartuko dute, tartean Zumaiak, Getaria-Zarautzek eta Oriok - Gizonezkoena. 18:00etan da. 24 parte-hartzailek parte hartuko dute eta bi taldetan banatuko dituzte. A taldean TKE Ligako traineruek jokatuko dute, tartean Orioko traineruak. Eta B taldean gainontzekoak arituko dira, eskualdetik Getaria, Zumaia eta Zarautz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide