Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iparraldeko ikastolen egoera inoiz ez da ona izan, beti izan dituzte aurrera egin ahal izateko hamaika traba. Azken urteetan ordea, egoerak okerrera egin du. Ikastolei kendu dizkieten diru laguntzak edo Paueko auzitegiak Ziburuko ikastola ixteko hartu duen erabakia Frantziako Gobernuak euskararekiko duen jarrera adierazteko bi adibide baino ez dira.
Iparraldeko Ikastolen Elkartea den Seaskak ahalegin handia egiten du aurrera egin ahal izateko eta zentzu horretan, gurasoek zein ikasleek egiten duten lana miresgarria da. Baina ez da nahikoa, laguntza behar dute, guztion laguntza, beraz euskaldunon hizkuntza eta hezkuntza eskubideak Euskal Herri osoan inoiz baino ozenago aldarrikatzeko unea da.
Irailaren 13an Lapurdi Surf Elkarteak eta Seaskak antolatuta, Glisseguna izango da Angeluko Zaldunen hondartzan. Giro ezin hobean, jaia, surfa eta euskara uztartuko dira, beraz egun pasa joateko aukera ezin hobea da.
Zarauzko Baga Surf elkarteak autobusa antolatu du Glissegunean parte hartzeko. Surfa, itsasoa eta giro ona maite duen orok gozatuko du eta bide batez euskara eta ikastolak bultzatzeko modu polita da.
Aubosureako izen ematea (10 euro) Zarauzko Surf Eskolan egin daiteke edo bestela, 943 019507 zenbakira deituta. Irteera goizeko 8tan izango da Karmelitetan eta itzulera arratsaldeko 7tan. Esandakoa, gonbidatuak zaudete, animatu!
Haritz Larrañaga AltunaBaga Surf Elkarteko kidea