Alaitz Sarasolak irabazi du Zarauzko XXX.Basarri Saria

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 3a

[caption id="attachment_107204" align="aligncenter" width="248"]Alaitz Sarasola Alaitz Sarasola[/caption] Belarritakoak izeneko bertso sortarekin irabazi du Alaitz Sarasola altzagatarrak XXX. Basarri Bertsopaper Saria. Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok, Rufino Iraolak eta Asier Azpirozek osatu dute aurten epaimahaia, eta Iraolak "teknikoki ongi" osaturiko bertsoak direla nabarmendu du, "nahiz eta idazkera aldetik lizentziaren bat edo beste hartzen duen". Jorratu duen gaia "gutxi entzuna" dela nabarendu du, eta hamar bertso osatzeko haria aurketzea "erraza" ez den arren, "ederki lotu" dituela. "Haurraren oinazeak protagonismo handia hartzen du saio osoan zehar. Kasik bertso guztietan aipatzen dira belarrietako bi ziztadak, eta neskari ematen diote mina. Baita luua eta ohitura horrekiko jendearen inertzia ere salatzen ditu". Matxismoa gogor salatzen duela, eta gaia ikuspegi feministatik jorratzen duela aipatu du Iraolak, gurasoen eta gizartearen kontraesanak agerian utziz. "Oro har, ukitzen duten bertsoak dira, emozioa eragiten dutenak, eta hori da garrantziskoena". Ostiralean emango diote horri saria, bertsolari gazteen Lizardi Sariaren finalean. 22:00etan izango da hori, Modelo aretoan. Sarasolak 1.100 euro jasoko ditu eta baita txapela ere. 750 euro eta oroigarria emango dizkiote Aitor Albisturri, bigarren sailkatuari. Terrazako kafea lanagatik jasoko du bigarren saria errenteriarrak. Zortzi puntuko zortzi bertsok osatzen dute, eta amodio harreman arin baten ingurukoa da. Guztira, hamabi bertso sorta aurkeztu dituzte aurten sariketara, eta orohar, "maila onekoak" direla nabarmendu du epaimahaiak. Dena den, aho batez izendatu ditu Sarasolaren eta Albisturren lanak. [caption id="attachment_107205" align="aligncenter" width="199"]Aitor Albistur Aitor Albistur[/caption]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide