ZKEko hiru harri-jasotzaile Euskadiko Kintopekoen txapelaren bila

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 3a

sasoian.info

Zarauzko Euskal Astearen barruan, Euskadiko Kintopekoen harri jasotze txapelketa jokatuko dute larunbat arratsaldean. Bertan, 21 urtez azpiko lau jasotzaile ariko dira nor baino nor, eta horietatik hiru Zarautz Kirol Elkarteko Herri Kirol saileko eskolako kideak dira: Iñigo Eizagirre, Mikel Lopetegi eta Xabat Olaizola. Laugarren parte-hartzailea Beñat Telleria lasartearra da.

Harri-jasotzaile bakoitzak egin beharreko lana honakoa izango da: 3 minututan 100 kiloko harri zilindrikoarekin eta beste 3 minututan 100 kiloko harri kubikoarekin ahalik eta altxaldi gehien egin. Berdinketa gertatuz gero, norbere gorputzeko pisua gutxien duen harri-jasotzailea izango da garaile. Jasotzaileen azken erakustaldiak kontuan hartuta eta beraien artean lortu dituzten emaitza parekatuak ikusita, erronka polita aurreikusten dute antolatzaileek.

Txapelketa Lege Zaharren enparantzan jokatuko da, 17:30etatik aurrera; eguraldi txarra egingo balu, Aritzbatalde pilotalekura lekualdatuko lukete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide