Amaia Olazabal eta Uxoa Olaskoaga: "Denok euskararen alde egiten segitzea nahi dugu, jakinda horretara goazela"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko irailaren 3a

[caption id="attachment_107129" align="aligncenter" width="300"]Amaia Olazabal eta Uxoa Olaskoaga (Amaia Ventas). Amaia Olazabal eta Uxoa Olaskoaga (Amaia Ventas).[/caption] «Euskal Herrian euskara/ hitz egiterik ez bada/ bota dezagun demokrazia/ zerri askara/ geure arima hiltzen uzteko/ bezain odolgalduak ez gara./ Hizkuntza gabe esaidazue/ nola irtengo naizen plazara,/ geure arima hiltzen uzteko/ bezain odolgalduak ez gara». Arima bizi-bizi, larunbatean plazara irtengo dira herritarrak urtero legez euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzeko. Urtero legez, AEK-k eta Euskal Herrian Euskaraz-ek Euskal Astearen barruan antolatu dute VII. Euskaraz Bizi Eguna. Aurtengoa berezia izango da, Herri Bazkariaren 30. urteurrena ospatuko baitute. Jaialdirako ohiko ekitaldiak prestatu dituzte, baina izan da berrikuntzarako tartea ere. AEK-ko Amaia Olazabalek eta EHEko Uxoa Olaskoagak eman dizkiote HITZAri horri buruzko xehetasunak. 30 urte bete ditu euskararen aldeko Herri Bazkariak. Zerbait berezia prestatu al duzue horren inguruan? Amaia Olazabal: Abesti berri bat atera dugu aitzakia horrekin, 25. urteurrenean egin genuen moduan. Imanol Epeldek eta Mikel Kazalisek egin dute Euskal Herrian Euskaraz abestiaren bertsioa, puntu modernoagoa emanez. Abesti hori nahikoa esanguratsua da guretzat; 30 urte pasatu dira, eta oraindik zentzua du kantuak. Abestia baliatuz, koreografia bat ere prestatu du Izaskun Forcadak, eta egunean bertan dantzatuko dugu herritarrekin batera. Uxoa Olaskoaga: Horrekin batera, bideo bat sortu dugu, hasierako herri bazkarietako argazkiak eta azken urteetakoak bateratuta. A.O.: Zerbait berezia egite aldera, Photocall bat ere jarriko dugu bazkalaurretik, bertaratzen den jendeari argazki dibertigarriak ateratzeko, bi kideren laguntzarekin. Polita izango da hurrengo urteetan ere argazkiak ikusteko. U.O.: Ildo horretatik, norbaitek dotore jantzita etorri nahi badu, ongietorria izango da. Euskaraz bizi ala iraun? Bizi aukeratu duzue aurten lelo gisa.   A.O.:  Finean, hori da gure hautua: euskaraz bizitzea. U.O.: 30. urteurrenak ospakizunerako aukera ematen digu, baina aldi berean, baita aldarrikatzeko ere. 30 urtez euskararen alde lanean jardun ostean lortu behar genituenak ez ditugula lortu ikusi dugu, eta horrenbestez, bi aldeak erakutsi nahi izan ditugu. Herri Bazkariko menua ere aldatu egin duzue, ezta? U.O.: Orain arte marmitakoa izan da Herri Bazkariaren ezaugarria. Aurten, ordea, horren ordez paella eskainiko dugu. Marmitakoa garestiago ateratzen da, eta ez genuen nahi horren ondorioz txartelen prezioa igotzerik, gure helburua ahalik eta jende gehien bildu eta euskararen alde egitea baita. Bi motatakoa izango da paella: itsaskiena eta barazkiena. Zeliakoentzat menua ere emango dugu, eta baita haurrentzat ere. Txartelik geratzen al da bazkari berezirako?  U.O.: Aurten ere 650 lagunentzako lekua dago. Ostiralean jarri genituen salgai txartelak, eta ez genituen guztiak saldu. Beraz, eskuratu nahi dituztenek zarautz-ehe@googlegroups.com helbidera idatzi dezakete edo, nahiago izanez gero, AEK-ko zein EHEko kideei abisatu. A.O.: Lan handia ematen du halako ekitaldiak antolatzeak, eta horregatik aurten ere herritarrak animatu nahi ditugu boluntario bezala lan egitera. Ongietorriak izango dira. Era berean, eskertu nahi ditugu urtez urte modu batera edo bestera lagundu eta babestu gaituzten askotariko eragile, elkarte, enpresa eta norbanakoak. Herri lasterketak eta kalejira aldarrikatzaileak aldaketarik izango al dute aurten? U.O.: Kalejira aldarrikatzailean jolasak egingo ditugu. Urtero, zenbait geldialdi egin ohi ditugu ibilbidean, eta horiek baliatuz aurten askotariko jokoak egingo ditugu euskararekin lotuta. A.O.: Horren helburua jendea animatu eta elkarrekin jolastera bultzatzea da. Herri lasterketari dagokionez, apur bat luzatu dugu distantzia. Alde Zaharreko plazatik abiatuko dira korrikalariak, eta itsas pasealekutik igaro ostean, Lapurdi kaletik egingo dute itzulia, bidegorria aprobetxatuz. Aurreko urteetan Gipuzkoa kaletik itzultzen ziren korrikalariak. Hiru hamarkada pasatu dira lehenbiziko euskararen aldeko eguna eta bazkaria egin zirenetik. Nolakoa izan da bilakaera gaur egunera arte? A.O.: Urteak aurrera joan ahala, euskararen aldeko jaialdi honen egitaraua zabaltzen joan da. Hasiera batean herri bazkari baten inguruan egiten zen, eta hazten joan da urteen poderioz. Aurten, esaterako, Herri Lasterketaren XIX. urteurrena ere ospatuko dugu. Sendotzen eta indartzen joan da egun hori, geroz eta jende gehiagok hartzen du parte. Beste 30 urte betetzeko prest al zaudete? A.O.: Bai, baina gustatuko litzaiguke beste zentzu batekin egitea. Espero dugu ez jarraitu behar izatea aldarrikapenekin. Aurtengo leloaren zentzua ere hori da: hemendik aurrera zer egingo dugu, bizi ala iraun? Bakoitzak ahal duen esparrutik, ahal duen heinean, euskaraz bizitzeko erabakia hartzea eta lanean jarraitzea nahi dugu, baina jakinda horretara goazela, eta ez dugula egungo egoerarekin jarraitu nahi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide