[caption id="attachment_73795" align="aligncenter" width="300"]

Akoako lasterketako irudi bat (Danbolin)[/caption]
Aurten bederatzigarrenez ospatuko da Zestoako Akoako Bira. Iaz bezala, lasterketa amaitzerakoan herritarren arteko 7. Asto Lasterketa izango da ikusgai. «Ilusioz beteta gaude. Bira antolatzen dugun bederatzigarren urtea da, eta jendea ere eguna iristeko irrikaz dago», azaldu du Pedro Cabanillas Akoako Biraren antolatzaileak.
Aurtengo biraren berritasuna izena ematerakoan ordaindu behar diren 5 euroak dira. Cabanillasek argi utzi nahi du 5 euro horiek dortsalak jasotzerakoan lasterkariei itzuli egingo zaizkiela: «Gainontzeko urteetan egon dira zenbait korrikalari izena eman eta gero lasterketara azaldu ez direnak. Hori gerta ez dadin eta lasterketan parte hartu nahi duen korrikalaririk kanpoan ez geratzeko hartu dugu erabaki hau», azpimarratu du. Izan ere, lasterketako partaide kopurua mugatua izango da: 150 lasterkarirentzako lekua dago, eta jada 40 pertsonatik gorak eman du izena biran parte hartzeko.
Izena herriko kiroldegian edo herrikrossa.com webgunearen bidez eman daiteke; epea datorren ostegunean amaituko da.
Margari Eizagirre da lehiaketa honetako beste antolatzaileetako bat. Bere esanetan, izena emateko epea amaitu baino lehenago lortzen da gehieneko partaide kopurura iristea: «Jende askok ematen du izena lasterketa honetarako, bai herriko jendeak, bai inguruetako lasterkariek. Bira gero eta ezagunagoa da», adierazi du Eizagirrek.
Antolatzaileek azaldu dutenez, izena 150 lasterkarik baino gehiagok emango balute, partaide horiek «erreserba» moduan geratuko liratezke. Hala,birako egunean azaldu ez diren lasterkarien ordez hartuko lukete parte.
Iazko ibilbide bera
Lasterketa 10:30ean hasiko da, baina parte-hartzaileek 10:15era arte izango dute dortsala jasotzeko aukera. Ibilbidea 7.800 metrokoa izango da, eta iazkotik aldaketarik ez da egongo. Korrikalariek Akoako baselizatik irtengo dute eta Akoa bailaran itzulia eman beharko dute. Ondoren, Galtzadako bide zaharretik Agiña Erretegiraino joan beharko dute. Azkenik, hortik jaitsi eta Akoako baselizan amaituko dute lasterketa herrikoia.
Helmugara iristen diren lehenengo bost lasterkariek eta lehen koadrilak sari sorpresak izango dituzte.Txapela eta Akoan egindako produktuak ere banatuko zaizkie sari moduan. Parte-hartzaileen artean zozketak egongo dira eta, antolatzaileek gogoratu dutenez, partaide guztiei hamaiketakoa eta elastikoak emango zaizkie. Lasterketa amaitutakoan dutxa bat hartzeko aukera izango ere dute partaideek.
Auzoko astoak ere bai
Iaz bezala, Akoako Bira amaitutakoan, auzotarren arteko asto lasterketa egingo dute; aurten zazpigarren aldiz antolatuko dute. Asto lasterketako irabazleak ere izango du saria. Eizagirrek jakinarazi du auzoko zazpi edo zortzi gazteek hartuko dutela parte.
Cabanillasek, berriz, nabarmendu du asto lasterketak ondo pasatzeko antolatzen direla: «Astoen lasterketak jostagarriak izaten dira ikusleentzat, eta antolatzaileok birako sariak prestatzen ditugun bitartean, ikusleek ederki pasatzen dute». Antolatzaileen arabera, asto lasterketak oso entretenigarriak dira.