Julen Iriarte, futbolaria: "Lehenengo mailan jokatzea bada amets bat, baina baita helburua ere"

Ane Olaizola 2014ko irailaren 3a

Julen Iriarte (Azkoitia, 1991) gazteak aro berri bat hasi du futbolari bezala. Eibar futbol taldearekin kontratua du denboraldia amaitu arte, baina denboraldi-aurrea talde gipuzkoarrarekin egin eta gero, lehen mailara igo berri den taldeak Mallorca B taldeari utzi dio azkoitiarra. Gogotsu da talde berrian, baina helburu argi batekin: ahalik eta denboraldi onena egin eta Eibarrera itzultzea. Nondik nora erabaki du Eibarrek zuk Mallorca B taldean jokatzea? Iaz Logroñesen jokatu nuen Eibarrek utzita, eta aurten lehenego mailara igo denez taldea, oso zaila nuen han jokatzea. Beste urtebetez daukat kontratua taldearekin, eta nahiz eta denboraldi-aurre ona egin dudan, erabaki dute ni Mallorcari uztea. Denboraldi-aurrea Eibarrekin egiteko esan zidaten, eta erdialdera esan zidaten lehen mailarako nirekin ez zutela kontatzen, eta orduan hasi ginen talde bila. Mallorca suertatu da; nik hasieratik nahi nuen bertara joan. Hasieran gauzak pixka bat zaildu ziren, baina azkenean konpondu da, eta Eibarrek ere ikusi du hau dela niretzat aukerarik onena, ikasten jarraitu eta aurrera egin dezadan. Espero al zenuen denboraldi honetna beste talde batean jokatzea? Espero nuen, bai. Duela bi denboraldi bezala, Eibar bigarren B mailan egongo balitz aukera gehiago izango nituzke han geratzeko, baina lehenengo mailan egonda, espero nuen beste talde bati uztea. Gustura al zaude Mallorcan? Bai, gogoarekin etorri naiz. Banekien Eibarren jokatzeko minuturik ez nuela izango, eta hemen horretan ahaleginduko naiz. Hori da garrantzitsuena futbolari bezala aurrera egiteko. Bizitzeko ere leku ona da hau, eta beraz, gustura nago. Aldi berri bat izango al da zuretzako? Bai, iaz Logroñon [Espainia] bizi  izan nintzen, baina desberdina da hau. Orduan etxetik askoz gertuago nengoen, eta hemen abioia hartu beharko dut etxerako. Urtean zehar ezingo dut itzuli, baina esperientzia bezala ondo etorriko zaidala uste dut. Zeure buruari helbururik jarri al diozu? Hemengo helburua da ahalik eta minutu gehien jokatu eta denboraldirik onena egitea, berriz Eibarrera itzultzeko. Hasi al zara taldearekin entrenatzen? Bai, herenegun goizean iritsi nintzen Mallorcara [Herrialde Katalanak], eta dagoeneko egin dut lehenengo entrenamendu saioa. Taldekoak ere ezagutu ditut, beraz. Nolako taldea da? Talde gaztea da. Mallorca B-n jokatzen dudanez, ni bezalako gazte asko daude, halako taldeetan ohikoa den moduan. Guztiok hemezortzi eta hogeita bi urte bitarteko jokalariak gara. Esan duzu Eibarren zaila izango zenuela jokatzea. Hala ere, bertan geratzea nahiago al zenuen? Erabaki zaila da hori. Hasieratik badakizu lehenengo mailan egon arren ez duzula jokatuko. Beraz, denboraldia gogorragoa eta astunagoa egiten zaizu. Nire nahia, ordea, jokatzea eta denboraldi ona egitea da, hala izanez gero, aukera gehiago izango ditudalako maila altuagoko talde batean egoteko. Gaztea zarenean uste dut garrantzitsuagoa dela jokatzeko minutuak izango dituzula jakitea, maila baxuagoko taldea bada ere. Aurrera begira zer espero duzu? Eibarrekin kontratua dudan azkenengo urtea da hau, eta beraz, ahalik eta denboraldirik onena egin eta berriro Eibarrera itzuli nahiko nuke. Denboraldi ona eginez gero, kontratua berrituko didatela uste dut; bestela neuk bilatu beharko nuke beste zerbait. Denboraldi-aurrea Eibarrekin egin duzu. Zer moduz joan da? Han egon naiz duela hiru egun arte. Duela bi denboraldi bigarren B mailan egotetik lehenengora igota, izugarrizko diferentzia antzeman dut taldearen kalitatean. Jokalari asko duela bi urteko berak dira, baina antzeman egiten da taldea bera asko hobetu dela. Dena den, uste dut lan ona egin dudala denboraldi aurrean, eta neu behintzat gustura geratu naiz. Lehenengo mailako talde batean jokatzea ametsa izango al litzateke? Guztiok txikitatik daukagun ametsa da hori. Guztiok ibiltzen gara umetatik futbolean, eta telebistatik ere asko jan dugu. Beraz, amets bat bada, baina baita helburua ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide