Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Salvador Aspiazu e Imbert (1867-1927) artista eta argazkilari gasteiztarraren lana ikusgai da hilaren 14ra bitartean Zarauzko Photomuseum Argazki eta Zinema Museoan. Hiri paisaia du izena erakusketak, eta museoko arduradunen esanetan, bertan artistaren izaera kosmopolita antzeman dezake ikusleak. Izan ere, Aspiazu e Imbert Gasteizen jaio bazen ere, Bartzelonan (Herrialde Katalanak) bizi izan zen umetan eta gaztaroan, eta gero Madrilera (Espainiara) joan zen bizitzera.
Margolari izateaz gain, argazkilari fazeta ere garatu zuen Aspiazu e Imbertek, baina ez zen argazkilari profesionala, eta bere prestakuntza tekniko urria, berezkotasunarekin eta originaltasunarekin gainditu zituen. Photomuseumeko adituen esanetan, «bere sentikortasun bereziak eta margolari modura zuen heziketak, ezohiko argazkilaria bihurtzen dute bere garairako». Hiri asko ezagutu zituen artistak: besteak beste, Parisen, Andaluzian, Bilbon eta Gasteizen «tokian tokiko jatorrena jasotzen jakin zuen» eta bere lanetan jendearen jokabideak eta egunerokotasuna islatu zituen. Erakusketan agertzen diren argazki askok hainbat hiritan ikusitakoak eta bisitakoak biltzen ditu. Argazkigintzan egin zuen lana Gasteizko Udal Artxiboari eman zion haren ilobak, 1960an.
Marrazki sorta
Margolari bezala lan asko egin zuen gasteiztarrak, garaiko aldizkariak ilustratzen: La Ilustracion Artistica, La Esfera eta L´Univers Ilustre modukoak, besteak beste. Hala, margolari izaeratik abiatuta landu zuen argazkilari ikuspuntua ere. Photomuseumeko erakusketan argazkiak eta marrazkiak uztartzen dira. Izan ere, artista hil eta gutxira argitaratu zen La Bendita Tierra liburuan arkatzez eta lumamuturrez egindako hainbat marrazki ere biltzen ditu erakusketak. Denera 121 marrazki egin zituen artista gasteiztarrak libururako, eta horietan jatorri desberdinetako herritarren–goi mailakoen nahiz herritar apalen– izaeran sakondu zuen, irudiaren bidez.
Photomuseumeko erakusketa herritarrentzat ikusgai dago dagoeneko. Astelehenetan itxita egoten da, eta asteartetik igandera, berriz, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara zabaltzen ditu ateak.