Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iazko urte amaieran hasi ziren Sarralle Equipos enpresa azpeitiarreko langileak hainbat salaketa egiten enpresaren aurka. Abuztuan zehar, enpresak bost langile kaleratu ditu eta, hori dela eta, LAB sindikatuak idatzi bat kaleratu du egoera honen aurrean duen iritzia azaltzeko.
Sindikatuak azaldu duenez, orain dela hilabete batzuk langile talde batek Sarralleko zuzendaritzari beren iritzia azaldu zien, «arrazoitu gabeko nahien aurrean kontra jarrita». «Gauzak ondo egin zitzala eskatu zen, kontu ekonomikoekin garbia izan zedila eta arrazoiak behar bezala argudiatuz zintzo jokatu eta negoziatzera eser zedila eskatzen genion», adierazi dute.
LAB sindikatuak dioenez, langileek eginiko adierazpen horien ondorioz, zuzendaritzak «X batekin markatu zuen enpresaren hitza zalantzan jarri zuen langile oro». Sarralle enpresako langileen esanetan, abuztu honetan «gezurrak erabiliz, inongo ardurarik gabe eta azken urteetan botatzen ari ziren mehatxuak egi bihurtuz, enpresako bost langile kale gorrian utzi dituzte, nahiz eta enpresak lan eta langile berri ugari izan».
LAB sindikatuaren esanetan «ez da izan kasualitatea» hau guztia orain gertatu izana. Langileek diotenez, uztailaren 7an herrialdeko hitzarmenak baliogabetu zituztenetik eta estatu mailako hitzarmena ezarri, enpresa ugari izan dira «euren anbizioak eta interesak» langileen baldintzen gainetik jarri dituztenak: «Komeni zaienean legea erabiliz eta komeni ez zaienean legea albo batera utziz, eskasia sortu eta langileak esklabu gisara erabiltzen gaituzte».
Salaketak
Sindikatuak adierazi duenez, ez dute etsiko enpresak bost langile hauek berriz hartu arte. LABekoek gaur gertatzen ari dena, «tamalez Euskal Herri osora zabaltzen ari den estrategia zapaltzaile baten barruan» kokatzen dute: «Krisiaren aitzakiarekin langileak beldurtu eta gure beharrekin jolasten dute, eta ezin dugu hori inondik inora onartu», azpimarratu dute.
Sarralle enpresako langileen esanetan, uztailean aurrez salatu izan dituzten hainbat «jazarpen» bizi izan dituzte. Horien artean egoera ekonomikoaren «gardentasun falta», soldata «jaitsierak» eta 200 orduko lanaldi igoera «ilegala» ezarrarazi nahi izatea azpimarratu dute. LABek salatu du enpresak ez duela aurrera eraman nahi izan «egiazko negoziaketa» bat: «Enpresako langileak LET Lana Erregulatzeko Txostenaren pean geundela, lana Palentziako [Espainia] lantegira eraman zuten. Zuzendaritzak enpresan lanik ez zegoela argudiatu zuen, baina hainbat langile etxean langabezia jaten ari ginen bitartean, beste batzuek ordu osagarriak sartzen zituzten», azaldu dute sindikatutik. «Enpresako zuzendaritzak alde bakarreko erabakia hartu zuen, soldatak %10 jaitsiz eta lanaldiari 102 ordu gehituz».
Horregatik, LAB sindikatuak erakunde publikoei dei egin nahi die «horrelako jarrerak baztertzeko» eta «herri honek behar duen benetako industria sarea indartzerako orduan, langileen eskubideak kontuan izateko». Sindikatu horren esanetan, «lan baldintza duinik gabe eta lan harreman egoki eta adiskidetsurik gabe ez da egongo ez langile emankorrik, ez industria sare kooperatiborik».
Bestetik, gaur hasiko da Donostiako epaitegian «ezarpen guzti hauek salatzeko» epaiketa, Sarralle enpresaren aurkakoa.
UROLA KOSTAKO HITZA Sarralle enpresarekin jarri da harremanetan, baina enpresako arduradunek ez dute adierazpenik egin nahi momentuz.
LABek elkarretaratzera deitu du Azpeitian, ostegun honetarako
Langileen eskubideak aldarrikatzeko eta Gipuzkoako hitzarmenaren alde egiteko helburuarekin, elkarretaratze bat egingo du LAB sindikatuak Azpeitian. Bilkura ostegun honetan izango da, arratsaldeko 18:30ean, herriko enparantzan. Langileei dei egin die bertaratu daitezen.