Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiko ikastaroetan izena emateko epea zabalik da

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko irailaren 2a

Aritzbatalde kiroldegiak ireki du 2014-2015 ikasturteko ikastaroetan izena emateko epea. Orotara, 90 diziplina praktikatu ahalko dituzte zarauztarrek. Ikastaro horiek bi multzo handitan banatu dituzte: lehenbiziko taldean, igerilekuan egiten direnak sartu dituzte, eta bigarrengoan, gimnasioan praktikatzen direnak. Lehenbiziko multzoan sartu dituzte haurtxo, ume eta helduentzat igeriketa ikastaroak; akuafitnesa; akuapilatesa eta baita haurdun daudenentzako saioak ere. Aerobik, mantentze gimnasia, gap, pilates, spinning, spintonic, zumba, abdominal express, fitball class, body bump eta fit-yoga ikastaroek osatzen dute, berriz, bigarren multzoa. Jakinarazi dutenez, zerbitzu publiko gisa, ahalik eta herritar gehienei interesatzen zaizkien kirol jarduerak antolatzea da Aritzbatalde kiroldegiko arduradunen nahia eta helburua. Hori dela eta, talde zehatzei bideratutako ikastaroak ere antolatu dituzte aurten, udaleko beste atalekin elkarlanean. Jendarte eta Hezkuntza sailekin batera, gimnasia ikastaroak eskainiko dituzte ikasturte berrian erretiratuentzat, eta baita parkinson gaixotasuna eta ezintasunen bat dutenentzat ere. Era berean, ikastetxeetako haurrentzat igeriketa eskolak ere emango dituzte Aritzbatalde kiroldegian aurten. Hilaren 16tik aurrera martxan Ostegunera arteko epea izango dute helduek ikastaro horietan izena emateko. Haurrek, berriz, hilaren 12ra arte eman ahalko dute izena. Helduei zuzendutako ikastaroak irailaren 16an hasiko dituzte, gimnasioan zein igerilekuan. Salbuespen gisa, abdominal express, fitball, body bump eta fit-yoga eskolak urria hasiera aldera hasiko dituzte. Haurrentzako askotariko eskolak ere urria hasieratik aurrera eskainiko dituzte. Aipatutako ikastaroren batean izena eman nahi dutenek kiroldegira bertaratu beharko dute, harrerara. Era berean, bertan emango dizkiete herritarrei kiroldegiko ikastaroen inguruko argibide guztiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide