Hasieratik "maila ona" erakustea du helburu Azpeitia-Azkoitia ISBk

Ane Olaizola 2014ko irailaren 2a

Iraurgi SBk prest du datorren denboraldia, eta Azpeitia-Azkoitia ISB taldeak abiatu du dagoeneko denboraldi-aurrea. Azken urteetako arazoari egin behar izan dio aurre beste behin saskibaloi taldeak, arazo ekonomikoaren ondorioz kolokan egon baita Azpeitia-Azkoitia ISBren etorkizuna. Iker Bueno taldeko entrenatzailearen esanetan, erakunde publiko eta pribatuen diru laguntzen murrizketen eraginez ari dira jasaten arazo ekonomikoak, baina klubak taldearen aldeko apustua egitea erabaki du. Beraz, beste urte batez Espainiako Zilarrezko Leb mailan arituko da klubeko talde nagusia. Entrenatzailea jakitun da klubak «egoera zaila» bizi duela, eta talde nagusiak «gastu dezente» eragiten diola elkarteari. Dena den, «ahalik eta talderik onena» osatu nahi dute, eta entrenatzaileak ez du uste egoera ekonomikoak taldearen kalitatean eragingo duenik. «Lehiakorrak izaten jarraituko dugu». Taldea guztiz osatu gabe egonik, entrenatzaileak «zaila» du denboraldiko helburuak finkatzea. Dena den, erronkarik nagusiena hasieratik «maila ona» erakustea du taldeak: «Lehenengo partidatik irabazten hastea nahi dugu, eta aurten play-off-etako borrokan egotea da gure asmoa». Talde nagusia entrenatzen hasita da astelehenaz geroztik, eta taldea guztiz osatuta ez badute ere, pixkanaka ari da itxura hartzen. Buenoren esanetan, iazko kutsu bera izango du taldeak. Hau da, jokalari gipuzkoarrek, «etxekoek» eta atzerriko laubat lagunek osatuko dute taldea. Azken horien fitxaketak oraindik ez dituzte jakinarazi, baina Gipuzkoako jokalarien artean, Jon Urtxulutegi (1996/01/06 - bi metroko altuera) eta Carlos Iradier (1994/12/11 - bi metroko altuera) donostiarrak Azkoitiko eta Azpeitiko taldean izango dira datorren denboraldian. Era berean, Ander Arrutik taldean jarraituko duela ziurtatu dute. Xabier Orozi dagokionez, berriz, ikusteko dago taldean segituko duen. Denboraldi hasiera, etxean Urtxulutegik eta Iradierrek Iraurgi SBn jokatuko duten arren, ACB mailako Gipuzkoa Basket taldearekin hasi dute denboraldi-aurrea, Jaume Ponsarnau entrenatzailearen zuzendaritzapean. Urtxulutegik hegaleko-pibot postuan jokatzen du, eta taldearen arabera, «fisiko oso indartsua dauka». Donostiarra umetatik dabil saskibaloian, eta aurreko denboraldira arte Easo taldean aritu da. Donostiako klubeko maila guztietan eta Euskadiko eta Gipuzkoako selekzioetan jokatu du, eta Iraurgi SBn bere lehenengo senior urtea izango du. Easoko junior taldean jokatzeaz gain, EBA mailako taldean ere aritu izan da. Iazko denboraldian, guztira 18 partida jokatu zituen, eta bakoitzean batez beste 14 minutuz aritu zen. Iraurgik jakinarazi duenez, denbora horretan 4,7 puntu eta 3,4 errebote lortu eta 4,4ko balorazioa lortu zuen batez beste. Iradierrek kanpoko hegaleko bi eta hiru postuetan jokatzen du. Donostian jaio arren, Kantabrian (Espainia) egin ditu urte gehienak, eta Calasanz eskolan hasi zen saskibaloian jokatzen. Cantbasket taldean egin zituen ondorengo urteak, eta junior mailan Valencia Basket klubean hasi zen jokatzen. Iaz C.D. Estela taldean egin zuen denboraldia, EBA mailan. Azken talde horretan 21:21 minutu jokatu zituen batez beste, eta 6,9ko balorazioa lortu. Azpeitia-Azkoitia ISBk sei asteko denboraldi-aurrea egingo du, eta irailaren 13an eta 20an Euskal Kopako lehenengo faseko partidak jokatuko ditu. Denboraldia, berriz, etxean hasiko du aurten, Azpeitian; urriaren 4an izango du lehen partida, eta Marin Peixegalego taldea izango du aurrez aurre.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide