Larunbatera bitartean bozkatu ahalko dira Zarauzko bi parke estaltzeko proiektuak

Urola Kostako Hitza 2014ko irailaren 1a

[caption id="attachment_106996" align="aligncenter" width="300"]Herritarrak proiektuak ikusten, Lege Zaharren Enparantzan. Aritz Mutiozabal Herritarrak proiektuak aztertzen Lege Zaharren Enparantzan, gaur. Aritz Mutiozabal[/caption] Jende ugari bildu da gaur eguerdian Lege Zaharren Enparantzan. Bertan kokatu dituzte Zarauzko bi haur parke estaltzeko proiektuak, jendaurrean, bakoitza azaltzen duen panel banatan. Pilartxo Enea eta Igerain plazako parkeak estaltzeko hiruna egitasmoren artean bi aukeratu ahalko dituzte herritarrek, bakoitzetik bana, eta udaletxeko ate aurrean eman botoa. Gaur da horretarako lehenbiziko eguna, eta larunbatera bitartean bozkatu ahalko da; gaurtik ostiralera 10:00-14:00 eta 18:00-20:00 bitartean eta larunbatean 10:00etatik 14:00etara. Baldintza bakarra bete beharko da botoa eman ahal izateko: Zarautzen erroldatuta egon beharko dute parte-hartzaileek. Bi urtetik aurrerako umeek ere bozkatu ahalko dituzte gogoko proiektuak, eurak baitira parke estaliak gehien erabiliko dituztenak. Momentuz, Igeraineko parkea estaliko dute; etorkizunera begira bigarren bat estaltzeko aukera ere kontuan hartuko du udalak, Pilartxo Eneakoa, alegia. Parkeotan ibili ohi den haur kopuruari erreparatuta eta biztanleriaren banaketa kontuan izanda aukeratu dituzte bi parke horiek. "Aspaldiko eskariari" erantzungo dio Zarauzko Udalak horrekin, "egun euritsuetan haurrak non jolastua izan dezaten. Zarauzko Udalak partida bat gorde du 2014ko aurrekontuetan horretarako. Obra osoa 316.000 euro kostako da, eta aurten 120.000 euro ordainduko ditu horretarako. Lanekin uda ondoren hasiko zirela aurreratu zuten aurrekontuak onartzerakoan, martxoan. Hori horrela, Zarauzko Udalak ideia lehiaketa bat jarri zuen abian, interesa zutenek bi parkeak estaltzeko proiektuak aurkez zitzaten. Guztira, Pilartxo Enea estaltzeko 12 proiektu aurkeztu zituzten, eta 28 Igerain parkerako. Balorazioak egin ostean, epaimahaiak parke bakoitzeko hiruna proposamen aukeratu ditu. Orain herritarrek aukeratu ahalko dituzte egitasmo egokienak, eta behin boto guztiak jasota, epaimahaikideek emandako puntuazioari gehituko dizkiote horiek. Bien artean aldekotasun gehien lortzen dituzten bi proposamenak izango dira irabazleak: bata Igerainerako eta bestea Pilartxo Enearako. Webgunean ere ikusgai Sarean ere ikus ahalko dituzte herritarrek bi parkeak estaltzeko sei proiektuak, irudi eta zehaztapen guztiekin. Bozkatu, ordea, ezingo da internet bidez egin; interesa dutenek Lege Zaharren Enparantzara jo beharko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide