Auzotarren erosotasuna bermatzeko hainbat neurri hartu du Zarauzko Skapak festei begira

Urola Kostako Hitza 2014ko abuztuaren 8a

"Gure nahia da auzotar guztiek festa hauek ahalik eta gehien gozatzea, eta hainbeste gozatzen ez dituztenei ahalik eta enbarazu gutxien egitea". Azken Portuko Komisiyuak hainbat neurri hartu ditu aurten, bizilagun batzuren kexuen harira. Skapako kideek jakinarazi dute festak hasteko hiru aste baino gutxiago falta zirenean bizilagun batzuk udaletxera joan zirela, jaietan ipini ohi diren txosnetako musikaren eta garbitasunaren inguruan kexatzeko. Zehaztu dute, besteak beste, txosnak lekuz aldatzeko exijitu zutela. Haserre agertu dira festa batzordekoak, kexa horiek ez dizkietelako "ohiko bidetatik" helarazi: "Auzotar horietako batzuk ez dute inoiz gurekin hitz egiteko borondaterik agertu, hasiera-hasieratik Komisiyuarekin ez zutela hitz egin nahi adierazi zuten, ezta guk beraiekin biltzeko asmoa erakutsita ere. Bildu garenetan udala izan da bitartekaria. Iruditzen zaidu zikinkeria eta zarata baino, kexa horien helburua festa plazatik edo kaletik desagerraraztea dela". Horren aurrean jarrera irmoa erakutsi dute: ez dute "inolako asmorik" festa betiko tokitik mugitzeko. "Lekuz aldatuko bagina, jai ereduarekin apurtuko genukeela uste dugu. Toki hori, gainera, Azken Portuko jaien gune sinbolikoa da, ez festak betidanik hor egiten direlako bakarrik, baita han zegoelako auzoari izena eman zion taberna ere". Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festen antolatzaileek esan dute beste zenbait auzotar ere kexatu direla, baina horiek festen alde egin dutela, bizilagunen erosotasuna ziurtatzeko neurriak hartzeko eskatuz. Eta hartu dituzte. "Erabat ulertzen dugu auzotarrekiko errespetuagatik eta euren ongizateagatik neurri batzuk hartu behar ditugula. Hori dela eta, ahal dugun moduan, txosna gunean sortzen den zikinkeria kontrolatzen saiatuko garela hitz eman dugu. Txosnen inguruko eremua bailatuko dugu horretarako. Bestalde, udalaren laguntzarekin, ohiko soinu muga jaitsiko dugu, aurreko urteetako zarata ekidin ahal izateko". Aurtengo festak prestatuta dituzte dagoeneko—bihar hasiko dira—, eta aldaketak "errotik" egiteko astirik ez dutela ohartarazi dute. Hala ere, festak amaitu bezain pronto bizilagunekin bildu eta datorren urtera begira egin daitezkeen aldaketei buruz hitz egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide