Omenaldia egin diote Joxe Mari Korta zenari Zumaian

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko abuztuaren 8a

Korta enpresaren aurrean bildu dira erakundeetako ordezkariak, familiakoak eta lagunak. (Egilea: Aiora Larrañaga) Gaur eguerdian Joxemari Korta zenari omenaldia egin diote Euskal Herriko erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariek eta familiakoek eta lagunek. Zumaian izan dira, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapia, Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bake eta Bizikidetza idazkari Aintzane Ezenarro, Gipuzkoako diputatu nagusi Martin Garitano, Pernando Barrena Sortuko bozeramailea, Ikerne Badiola eta Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, Pello Urizar EAko idazkari nagusia eta Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatea. Gaur hamalau urte bete dira ETAk Korta enpresaria hil zuela. Korta enpresaren atarian bildu dira denak, eta isilunea egin dute Kortaren omenez; ekitaldia Ave Maria abestiarekin amaitu dute, txalo artean. Omenaldiaren amaieran Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioko bozeramaile Jexux Mari Mujikak azaldu du gizarteak Euskal Herriko belaundaldi berriei "elkarbizitzan oinarritutako eta indarkeriarik gabeko gizartea zor" diela, eta hori lortzeko lanean jarraituko dutela fundaziotik. Ildo horretan, bakea eta bizikidetza lortzeko bidean urratsak ematen ari diren pertsonen eta erakundeen lana aitortu du, eta eskerrak eman  dizkie "gorrotoa eta mendekua gainditu, Euskal Herrian gertatu denaren irakurketa zintzoa egin eta autokritika egin dutenei". Gainera, zehaztu du Euskal Herriak etorkizunik izan dezan eta elkarbizitza egokia izan dadin "bete behar diren baldintzak zein diren gero eta argiago" dutela herritarrek; "baita, injustiziaren biktima izan direnekiko jarrera zein izan behar duen ere", zehaztu du. Bestetik, fundazioko bozeramaileak oraindik pausorik eman ez dutenen jarrera kritikatu du. Izan ere, Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioaren iritziz "pausoak norberak eman behar ditu, eta horrela besteak ere horretara behartuko ditu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide