Manuel Gorostiaga (Elkano): «Hankasartze txikiena urte osoan gogorarazten digute»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko abuztuaren 8a

Elkanoren Lehorreratzean Joan Sebastian Elkanoren papera antzezten duen Manuel Gorostiaga (Getaria, 1946) Nao Victoria ontzia prestatzen aurkitu zuen atzo goizean Urola Kostako Hitzak Getariako portuan. «Bandera horrek aurreko aldean joan behar du», zioen getariarrak. «Bat dela eta bestea dela, dena antolatu beharra dago, gero jendeari gustu pixka bat emateko». Elkano eta beste hamazazpi lagun dira tripulazioa osatzen dutenak. Zein duzue egun handirako plana? Beti bezala egingo dugu, aurrena goizean dena antolatu eta prestatu. Gero, 12:00ak inguruan Iribarrenera joaten gara eta hamaiketako-bazkaria egiten dugu. 13:45ak inguruan ontzialderuntz jaisten hasten gara. Bidean kafetxoren bat hartu ondoren, ohitura dugu Astilleron hartzekoa, ontzian sartzen gara. 14:00-14:30ak aldera irteten dugu itsasora, eta bostak aldera arte itxuraz ezkutatuta egoten gara. Bostetan ontzia moila bitartean sartuko da, eta handik moila barrura. 17:00etan lurra hartu eta 19:00-19:30ak inguruan bukatuko da ekitaldia. Egunean bertan prestaketak egiten dituzue, baina aurrez ere zereginik izango duzue Elkanoren Lehorreratzerako, ezta? Aurretik ere zereginik izaten da, bai. Udaletxekoekin hartuemanak izaten ditugu xehetasun batzuk finkatzeko, eta azkeneko lehorreratzean gertatutako beste xehetasun batzuk zuzentzeko. Gainerakoan, jendeak badaki gehixeago eta gutxixeago zer egin behar duen. Gero, nik zerrenda bat edukitzen dut zeinek eta noiz irten behar duen zehaztuta, gero okerrik edo deskuidorik ez gertatzeko, eta dena normal joateko. Hortik aparte, bestelako zeregin handirik ez dugu izaten, beti pertsona berak parte hartzen baitugu. Denek dakite nolakoa den ekitaldia. Gu ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara. Saioa hasi aurretik urduri egoten al zarete? Urduritasuna beharbada kanpotik antzemango dute, baina neuk, barrutik, ez dut halakorik igartzen. Baina, hainbeste jenderen aurrean azaldu behar izaten dugunez, eta hankasartzerik ez dugu egin nahi. Arazoa horixe izaten da, hankasartze txiki-txiki bat eginez gero urte osoan horixe entzuten egon behar izaten dugu, eta gu ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara; elkar babesten dugu, eta kito. Elkano izatea erantzunkizun handia izango da, bada? Bai, bai. Elkanoren Lehorreratzea ikustera etorritako jende guztiak ontziari eta tripulazioari begiratzen dio, baina Elkano nola datorren gehiago fijatzen dira. Nik urte mordoska daramatzat Elkanoren pertsonaia antzezten, eta saiatzen naiz ahalik eta ondoen egiten: aurrena, tripulante bezala, eta gero, Elkano bezala. Nik ume-umetatik ezagutzen dut hau, jaio nintzenetik. Aitonak egiten zuen aurrena Elkanorena, 1922an egin zen lehendabiziko aldiz, eta aitona zenak irten zuen orduan Elkanoren paperean. Urte mordoxkan egin zuen, garai hartan urtero egiten baitzen Elkanoren Lehorreratzea. Gero, Migel Isastik egin zuen haren segidan, eta nik bosgarren aldia edo dut aurtengoa. Sei edo lau urtetik behin egiten da, aurten bost urtera egokitu bada ere. Familiatik datorkizue lekukoa, orduan. Bai, hala da. Aitona izan zen aurreneko Elkano, gero Migel Isastik jardun zuen eta hark niri pasatu zidan lekukoa. Tripulazioko beste kideei ere familiatik al datorkie lehorreratzeko lekukoa? Ez, ez. Nik hau egiten dut: aurrena azkeneko aldian parte hartu zutenei deitzen diet, eta gero beti egoten da bakarren bat ezin duena, eta aukera ematen zaio familian bateren bat prest badauka, hari proposatzekoa. Hala ez denean, neu ardutzen naiz beste bat aurkitzeaz. Ohitura bezala, familikoak, etxekoak, edo lagunak proposatzen dira. Jende askok nahi izaten du parte hartu, eta gu saiatzen gara ahalik eta jende gehienari aukera ematen. Aurten, esaterako, aurreko lehorreratzetik bi berriak dira. Lehorreratze bakoitzean beti izaten dira bi edo hiru berriak. Segida horrela ematen zaie.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide