Astebete eskas falta da Azkoitian festa lehertzeko. Andramariak ospatuko dituzte hilaren 14tik 18ra bitartean, eta aurten jai bereziak izango dira, dokumentuek erakusten dutenez, 400 urte beteko dituztelako andramariek. Data esanguratsu horren aurrean, beraz, behar bezala ospatuko dituzte azkoitiarrek herriko jai handi eta luzeak. Izan ere, udala eta festa batzordea «herritarrekin elkarlanean, ahalik eta egitarau oparo, anitz eta biziena» antolatzen saiatu dira, guztien gustukoa izango delakoan.
Aspaldikoak dira, beraz, andramariak, baina egungo garaietara egokitzen jakin dute. Zentzu horretan, beste pauso bat eman eta sakeleko telefono eta Tableterako aplikazio bat sortu dute. Herritarrek, hala, dauden lekuan daudela ere, festetako informazioa bat-batean lortu dezakete aplikazioaren bidez. Elkarmedia enpresak egin du aplikazioa, eta hango Luis Ulacia ordezkariak adierazi du ekitaldiak egunez egun edo gaika kontsultatu daitezkeela. Horrez gain, beste hainbat atal berezi ere baditu aplikazioak. Besteak beste, herritarren parte hartzea bilatu nahi dute, eta herritarrek euren iritzia emateko tartea izango dute aplikazioan, bertan dauden galderei erantzunez. Gainera, iritzia ematen dutenen artean Elkarmedia enpresak emandako Tablet bat eta Kultura Sailak emandako urte osorako zinemarako bi bono zozkatuko dituzte. Horrez gain, festen inguruko oharrak eta argazki galeria bat eskainiko dituzte aplikazioaren bidez. Erabiltzeko erraza dela esan du Ulaciak, eta Android edo I-phone gailuetan deskargatu daiteke, bilatzailean Andramaixek hitza jarrita.
Antimilitaristei eskertza
Duela mende laurden sortu zen intsumisoen mugimendua, eta hain zuzen, Azkoitiko intsumisoek izango dute txupinazoa botatzeko ohorea. Udalak azpimarratu du duela 25 urte egin zuten lana eskertu nahi dietela, bestelako balio batzuk indartu nahi izan zituztelako, eta «mundu hobe baten alde» egin zutelako; «herriko antimilitaristak aitortu nahi ditugu», berretsi du Jesus Oteiza Festetako zinegotziak.
Ohi bezala, Ondo pasau Andramaixek kantua abestuz hasiko dituzte festak Azkoitian, eta handik aurrera bost egunetako jaiak izango dituzte aurretik. Udalak gaur banatuko du egitaraua etxez etxe, baina aurreratu du «kolore eta izaera» guztientzako herritarrentzat moduko ekitaldiak izango direla. Esaterako, iaz martxan jarritako berrikuntzak «egonkortzeko» saiakera egingo dute, eta besteak beste ume eta gurasoen bazkaria indartu egingo dute. Hala, aurten 300 lagunentzat zabaldu dute bazkaria, eta joan zen urteko arazoak konpontzen saiatu dira. Besteak beste, bazkalondoren egingo dituzten jolasak familiartekoak izango dira, eta gurasoek beraiek ere beste jolas batzuk prestatuko dituzte, adin guztientzako umeentzat.
Guraso eta umeen bazkariaz gain, tradizio bihurtu den koadrilen arteko bazkaria egingo dute hilaren 18an. Bertan parte hartzeko lekua ere handitu dute, eta aurten 200 lagun gehiagorentzat egongo da tokia; 1.400 lagunek bazkaldu ahal izango dute plazan, eta dagoeneko 1.200ek eman dute izena. Guraso eta umeen bazkarirako ere bada lekua, beraz, baterako eta besterako izena eman daiteke oraindik, udaletxeko Kultura Sailean.
Txosnek, leku berria
Udalak eta festa batzordeak elkarrekin antolatu dituzte andramariak, eta beste behin «festa herrikoiak» izango direla aurreratu dute. Hain zuzen, udalak festa batzordearen lana goraipatu du, «andramariak herrikotzeko eta herritarren parte hartzea indartzeko aurten eta urteetan egindako lanarengatik». Zentzu horretan, aldaketak izango dira aurtengoan, eta txosna gunea Ikurrinaren Plazan jarriko dute, batzordeak hala eskatuta; «Goiko Losak irisgarritasun arazoak dituela eta zulo kutsua duela diote, eta txosnetako ekitaldiak azkoitiar guztiei zabaldu nahi izan dizkiegu».
Ohi bezala, hainbat lehiaketa prestatu dituzte festetarako; aurten, film laburren lehiaketaren lekukoa hartu dute, eta horrez gain Marmitako Lehiaketa antolatuko dute hilaren 14rako, eta izena astearterako eman behar da, udaleko Kultura Sailean edo festabatzordie@gmail.com helbidean. Atuna antolatzaileek emango dute, eta partaideek elkarteetan edo etxeetan prestatu beharko dute marmitakoa. 14:00etan aurkeztu beharko dituzte platerak, Ikurrinaren Plazan. Horrez gain, Estraperloko etiketa gabeko Gazta Lehiaketa ere prestatu dute hilaren 17rako. Kontzejupean egingo dute txapelketa, eta irabazleak txapela eta arkume jana egiteko bi txartel jasoko ditu.
Horrez gain, herritarrek festa guneak herrian zehar zabaltzea proposatu dute, eta beraz, kontzertuak Balda Plazan, txosnetan eta herriko plazan izango dira, eta beste hainbat ekitaldi ere herriko leku desberdinetan egingo dituzte.
Pilota txapelketa, bi herritan
Azkoitian ez ezik, Zarautzen eta Zestoako Aizarna auzoan ere ospatuko dituzte amabirjinak. Hilaren 14tik 17ra ekitaldi ugari izango dituzte bietan. Musikak eta kirolak tarte berezia izango dute, eta besteak beste, Zarauzko Pilota Txapelketa jokatuko dute. Aurten, probak betiko egitura berreskuratuko du, iaz ez baitzuten antolatu eta duela bi urte partida bakarrera mugatu baitzuten torneoa. Urtero bezala, amabirjinetan jokatuko da, hiru partidarekin; hau da, bi finalerdi eta final nagusia. Berrikuntza modura, finalerdietako bat Azkoitian jokatuko da, eta gainerakoak Zarautzen bertan. Bietan lehena izango da Azkoitikoa, hilaren 15ean, eta bertan Martinez de Irujo-Tolosa eta Altuna-Rezusta ariko dira aurrez aurre. Bigarren finalerdia, Zarauzko Aritzbatalde frontoian, Olaizola II.a-Ibai Zabalaren eta Bengoetxea VI.a-Albisuren artekoa izango da. Bi kanporaketetako bikoteek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak hilaren 17ko finalean, Zarautzen.