Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko Sanagustin kulturguneak oroitzeko moduko une asko utzi ditu 2011n zabaldu zenetik gaur arte. Azken hilabeteak, gainera, bereziki indartsuak eta aberatsak izan dira, artista eta talde entzutetsuak ikusteko eta entzuteko aukera izan baitute herriko eta inguruetako musikazaleek.
Norberak bere gogoan gorde ditzake artista horien aurpegiak, eskuak, keinuak eta paratzeak. Orain, Borja Eizagirrek eta Alaitz Ruizek egindako argazkiei esker, keinu eta aurpegi horietako batzuk gogora ekar daitezke, edo lehenengoz ikusi.
Azken hilabeteotan Sanagustin kulturgunetik pasa diren talde handienen argazkien bilduma ipini dute ikusgai bi argazkilari azpeitiarrek. Berri Txarrak, Capsula, Raimundo Amador, La Fuga, Su ta Gar, Zea Mays, Willis Drummond edo Jake E. Lee, besteak beste, betiko hilezkortuak gelditu dira Izagirreren eta Ruizen argazkietan.
Erakusketa zabalik da jada Sanagustinen, irailaren 2ra arte.
Ikasiz eta gozatuz
Duela gutxi hasi ziren Ruiz eta Eizagirre kontzertuetako argazkiak ateratzen. Izan ere, lehen kontzertuak tarteka izaten ziren herrian, plazan, sarri. Orain, berriz, gustura dira argazkilariak, kontzertu asko egoten direlako eta Sanagustin bezalako areto batek ematen dituen abantailez goza dezaketelako, argazkilari nahiz musikazale moduan.
500 eta 1.000 argazki bitartean atera ditzakete «kontzertu on» batean. Ruizek nabarmentzen duenez, artistaren araberakoa da dena, «mugimenduekin-eta ematen duten jokoaren araberakoa». Argia da Eizagirrerentzat garrantzitsuena, «argazki bat argia baita, azken finean, eta argi asko badago, argazki on gehiago ateratzeko aukerak gehiago dituzu», dio.
Berezia da eurentzat kontzertuetan argazkiak ateratzea, Eizagirreren ustez «dena aldakorra» delako eta eurek ezin dutelako «ingurua gobernatu». Ruizek azaldu duenez, «ikasten joateko aukera» ematen die eta musikazale bezala ere «gozatzeko aukera» ematen die.