Getaria-Zarautz trainerua
Sei traineruk hartuko dute parte igandean Emakumezkoen Gipuzkoako V. Traineru Ligako seigarren estropadan, Zarautzen: Hibaikak, San Juanek, Zumaiak, Oriok, Santoñak eta Getaria-Zarautzek. Eguerdian hasiko dute jardunaldia, eta bi txandatan jokatuko dute estropada; hiru ontzik hartuko dute parte bakoitzean. Zarauztarrek eta getariarrek osatutako taldea lehenbiziko txandan ariko da, Santoña eta Oriorekin batera. Ondoren lehiatuko dira gainontzekoak. Txandak horrela izango dira, une honetako sailkapen orokorra kontuan izanda. Posible da, hala ere, aldaketaren bat egotea, aurreko egunean Ondarrun jokatuko baitute beste estropada bat.
Egun Getaria-Zarautz bosgarrena da sailkapenean, zortzi punturekin. Laugarren postuan dago Orio, 14 punturekin eta Zumaia hirugarren, 16 punturekin. 23 punturekin San Juan da buru, eta bigarren Hibaika, 19 punturekin. Santoña da azken sailkatua, lau punturekin.
Euskotren Ligako sailkapen estropadan eta Gipuzkoako Txapelketan maila ona eman ondoren, bi astetan ez dute estropadarik jokatu, eta Getaria- Zarautzeko neskei ez die «onik egin» geldialdi horrek. Hori dela eta, igandeko jardunaldian aurrekoetan emandako maila bera izateko «lanean» ari dira neskak.
Zarauzko estropada jokatu ostean, abuztuaren 23an Astilleron izango da zazpigarren jardunaldia, eta hurrengoa 24an Trintxerpen. Bi estropada horiekin amaituko da emakumezkoen Gipuzkoako aurtengo liga.
Bestalde, amabirjinetan Zarauzko Ikurrina jokatuko dute, San Miguel Ligakoek eta Euskotren Ligakoek, hilaren 16an eta 17an. Hilaren 15ean KAE 2 Ligako jardunaldia izango da herrian, eta bertan lehiatuko da Enbata.
Zarautz urdindu
Zarauztarren bultzadarekin, igandeko jardunaldian maila ematea «errazagoa» izango da Getaria-Zarautz taldeko neskentzat. Horregatik, jai eguerdian elastiko eta lepoko urdinak jantzi eta Alle Puntara gerturatzera animatu dituzte herritarrak.
Elastikoak janzteaz gain, ZAEk arraun elkarteko banderatxoak balkoietan eta leihoetan zintzilikatzera animatu ditu herritarrak, batetik herri nortasuna adierazteko, eta bestetik, «hain denboraldi ona» egin duen Enbata animatzeko. «Uda garaian, Gipuzkoako herri gehienak kolorez jantzita egoten dira. Gehienak diot, badirelako salbuespenak, Zarautz tartean», nabarmendu dute Zarautz Arraun Elkarteko ordezkariek: «Herri bakoitzaren nortasuna ageri dute Zumaiako gorriak, Getariako marroiak, Orioko horiak, San Pedroko moreak, San Juaneko arrosak eta Hondarribiko berdeak».
Ondorengo guneetan eskuratu daitezke herriko arraun taldearen banderatxoak, bi euroan: Olatxo harategian, Lizardi eta Chapucetti arropa dendetan, Santa Marinako Eroski saltokian, Laia janari dendan, Euskalduna tabernan, Ogiberri okindegian eta Aitor Juaristi inprentan