Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hainbat ekitaldi izango da Zumaian, hilaren 30ean Beñat Lizeagari eta Inpernuperi babesa emateko. Lizeaga irailaren 22an epaituko dute, beste 27 gazterekin batera, erakunde terroristako kide izatea leporatuta. Espainiako Auzitegi Nazionalak, besteren artean, Inpernupe taberna eta kultur elkartea konfiskatuko du, 35/02 sumarioko epaia behin betiko egiten bada. Hori dela eta, Epaiketa politikorik ez lelopean antolatu dute eguna. 08:00etan hasiko dute eguna, Zumaiako II. Goitibehera Jaitsierarekin. 10:30ean Gaztetxeko V. Pala Txapelketa Mistoko finala jokatuko dute, eta 11:00etan salda eskainiko dute kofradian.
Bizi poteoa egingo dute eguerdian, Beheko Plazatik abiatuta, eta haurrentzat jolasak izango dira bitartean, kofradian. Ondoren, trikitilariek alaituko dute kantu poteoa Erribera kalean. Nahikoa abestu ondoren, bazkaltzera joando dira parte-hartzaileak Beheko Plazara eta bazkalostean musika emanaldia izango da.
18:30ean Beheko Plazatik hasita izango da saio nagusia: manifestazioa eta ekitaldia. Eguna ondo amaitzeko, Brote, Toilet Warriors, Kashbad eta Def Con Dos taldeen kontzertuak izango dira.