Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitian, herritar guztien elkarbizitza sustatzeko asmoz, Azkoitiko Udaleko Aniztasun Sailak Attola mendian eguna pasatzeko irteera bat antolatu du biharko, Jatorri anitz, herri bat lelopean.
Attolara joateko doako autobusa jarri dute, eta 11:00etan irtengo dira, Aizkibel liburutegi ondoko geltokitik. Udalak jakinarazi duenez, biharko egitasmoaren helburua «elkartu, elkar ezagutu eta guztiok batera egun ederra pasatzea» da, Azkoitian dagoen «aberastasun kulturalaz» jabetu daitezen eta elkarbizitza hobetu dadin.
Elkartu eta gozatu
Egitasmoan parte hartzen duten lagunek egun osoa igaroko dute mendian, eta azkoitiar guztiak animatu dituzte bertara joan daitezen. Aurreratu dutenez, hainbat jateko, edateko eta musika mota elkartu eta horiez gozatzeko aukera izango dute, eta horretarako heldu, gazte, ume eta familia guztiak daude gonbidatuta: «Norbere jatekoa eta edatekoa ematea nahikoa da, eta ongi hartuak izango dira musika, musika tresna, jolas eta bestelako joko guztiak».
Azkoitiko Aniztasun Sailak hainbat ekintza eta tailer antolatu ohi ditu urtean zehar, elkarbizitzarako pausoak emanez; esaterako, azken bi urteetan Ipaka Izarraizpeko Kultur Aniztasunaren Astea ospatu izan dute Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan, eta dozenaka ekintza egin izan dituzte horien barruan.