Epaileak ebatzi du Azkoitia Lantzenek daukala Oinartxoko lixibiatuen ardura

Ane Olaizola 2014ko abuztuaren 7a

Azkoitia Lantzen-ek duen auzi handienetakoa da Oinartxo zabortegiaren lixibiatuena. Iaz, Azpeitiko Lehen Auzitegiko epaitegiak Azkoitia Lantzen-i eman zion arrazoia zabortegiaren lixibiatuen kostuei zegokionean, eta horien tratamenduaren ardura Hierros Eguinorena zela ebatzi zuen. 2008. urtera arte zabortegiaren lurren jabea izan zen enpresak, ordea, helegitea jarri zuen, eta Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Hierros Eguinori eman dio orain arrazoi. Epailearen arabera, 2008an enpresak eta Azkoitia Lantzen-ek egin zuten lurren salerosketan, aldeek adostu zuten udal sozietate publikoa egingo zela tratamenduen kargu. 2009an egin zuten salerosketaren agiri publikoa, eta bi aldeek baldintza batzuk zehaztu zituzten; hain zuzen, baldintzak sinatu aurreko egunetan bi aldeek elkarri bidalitako hainbat korreo elektroniko «funtsezkoak» izan dira epaileak Hierros Eguinori arrazoi emateko. 3,2 milioi eurotan erosi zituen lurrak Azkoitia Lantzen-ek, eta horietatik 500.000 euro lixibiatuen tratamenduen gastuek eragingo zutela baloratu zuten —zortzi hilabetera, enpresak Eusko Jaurlaritzari jakinarazi zion gastuok 15,6 milioi euroko kostua izango zutela—. Zenbateko hori, «kopuru itxi bat baino, estimazio bat» izan zela berretsi du epaileak. Era berean, «lixibiatuen kudeaketa osoa» Azkoitia Lantzen-ek egingo zuela adostu zutela berretsi du epaileak. Azkoitiko Udalak, berriz, garbi esan du zein den bere jarrera: «Epaia argia da, baina ezin dugu onartu». Izan ere, ondorio larriak jasan ditzakete. Azaldu dute Azkoitia Lantzen-ek ezin diola lixibiatuen kostuari aurre egin, eta horregatik, «aukera guztiak agortu» egingo dituzte. Helegitea jarri dute epaiaren aurka, jakin badakiten arren «oso zaila» izango dutela: «Abokatuek esan digute helegitea tramitatzea onartzea bakarrik zaila izango dugula». Lurralde Auzitegiak urtebete du helegitea tramitatzea onartzeko. Kostua, baloratzeko Zabortegia itxi eta ondorengo 30 urteetan kudeatu behar dira lixibiatuak, hasiera batean. Egun, Eusko Jaurlaritza ari da horretan. Urte eta erdi darama lixibiatuak kudeatzen, eta udalak jakinarazi duenez, dagoeneko 1,5 milioi euroko kostuak eragin ditu. Honen arabera, Jaurlaritza hainbat lan egiten ari da lur horietan, eremua hobeto zigilatzeko, eta besteak beste urak desbideratzeko lanetan ari da: «Lan horiek egindakoan, lixibiatu gutxiago egongo da, eta beraz, kostua gutxitu egingo da». Azkoitia Lantzen lan horien kargu egiten badute, orain arte eragindako kostua ordaindu beharko du, eta aurrera begirako kudeaketaren ardura osoa ere berak izango du. Urrategi Alberdi alkatearen esanetan, «hainbat milioitako gastua» izango litzateke, eta Azkoitia Lantzen-ek ezin du bere gain hartu. «Kiebra egoerara joateko arriskuan legoke». Horren aurrean, Jaurlaritzak zigilatuen eta ur desbideratzeen lan berriak egindakoan, kostuak baloratuko dituzte, eta hori kudeatzeak zenbat euro eragingo lizkieken aurreikusi ahal izango dute. Era berean, plan bat egin dezala eskatuko dio Azkoitiko Udalak Azkoitia Lantzen-i. Alde guztiekin biltzeko asmoa du udalak, «irtenbide bat aurkitzeko». Judizialki zaila dutenez, akordioa lortzea da helburua. Besteak beste, Bernardo Ecenarro enpresarekin eta Hierros Eguino enpresetako ordezkariekin bildu nahi dute. Izan ere, lixibiatuen ardura inork hartzen ez duen bitartean, Eusko Jaurlaritzak ez du eremuan eraiki daitekeela ziurtatzen duen baimenik emango, eta hain zuzen, hara lekualdatzen ari den Bernardo Ecenarro enpresak ziurtagiri hori behar du enpresa eraikitzeko. Egun, lixibiatuen eremuaren atzeko aldean ari dira egiten lantegia. Udalak «ulergaitza eta arduragabekeria» dela uste du zabortegiaren lurrak diru publikoarekin erosi izana, «zama ekonomiko eta ekologiko handia» eragin dutelako. «Beste enpresa bat ekartzea bazen helburua, hainbat aukera zeuden; lurrak erosi beharrean azalera-eskubideak bereganatu zitzakeen, esaterako». Salerosketaren baldintzak ere gaitzetsi dituzte, «handikerietan eta arinkerietan» ibili zirelako. Udalak salatu du lurrak erosi zituztenean dagoeneko hitzartuta zutela Bernardo Ecenarrori saltzea, eta horrek «kalkulatu gabeko konpromiso ekonomiko berriak» eragin zizkiola, sozietatea «erabat babesgabe» utziz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide