Zarauzko Kultura sailak Karroza Lehiaketa antolatu du Euskal Jai Egunari begira

Urola Kostako Hitza 2014ko abuztuaren 6a

Irailaren 9an, Euskal Jai Egunean aterako diren karrozak aukeratzeko lehiaketa antolatu du Zarauzko Udaleko Kultura sailak. Dagoeneko kaleratu dituzte lehiaketako oinarriak. Batetik, ezinbestekoa izango da egilea zarauztarra izatea, bertan sortutakoa zein egun udalerrian erroldatuta egotea. Parte-hartzaile bakoitzak karroza proiektu bat aurkeztu ahalko du. Horiek gehienez bi metro eta erdiko zabalera izan dezakete. Proiektuaren azalpena euskaraz egin beharko da; nahi izanez gero, euskara hutsean, eta bestela, euskaraz eta gaztelaniaz. Abuztuaren 21a izango da proiektuak aurkezteko azken eguna. Posta elektronikoz (kulturazarautz@gmail.com) bidali ahalko dira lanak, posta arruntez (Kultura saila. Sanz Enea kultur etxea. Nafarroa kalea, 22. 20.800 Zarautz) eta baita bertara eraman ere.  Proiektuarekin batera, parte-hartzailearen datuak eta harremanetarako telefonoa aurkeztu beharko dira gutunazal itxi batean. Laguntzak karrozak egiteko Lehiaketarako 1.000 euroko diru laguntza banatuko du Kultura sailak, banatuta: lehen saria 500 eurokoa izango da eta bigarrena 300 eurokoa. Gainerako parte-hartzaileen artean kalitatezko proiekturik ikusiz gero,  horien artean 200 euro  banatu ditzake epaimahaiak. Aurkeztutakoen artean ez badago halako proiekturik, bigarren saria ere 500 eurokoa izan daiteke. Epaimahaiak abuztuaren 23an jakinaraziko du epaia. Sarituek Euskal Jai Egunean Musika Plazan eta Lege Zaharren Enparantzan jarriko dute euren karroza ikusgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide