Munoaundi aztarnategiko indusketak abian dira, bederatzigarren urtez

Ane Olaizola 2014ko abuztuaren 6a

Munoaundiko indusketak (Aranzadi Zientzia Elkartea). Udararo bezala, Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen Munoaundi  Burdin Aroko aztarnategian indusketak egiten ari dira hainbat lagun, Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko Sailak gidatuta. Aurten, 2014-2018 epealdiari dagokion bigarrengo fasea hasi dute, eta aurreko urteetako lanekin jarraituko dute. Iaz amaitu zuten lehenengo fasea, 2006tik 2013.urtera zegokiona. Urte horietan zehar lehenengo eremua, herrixkarako sarbidea, landu zuten batez ere, eta duela bi urte garai hartako bizimodua ezagutzeko hego mendebaldeko eremua hasi ziren zabaltzen. Hain zuzen, ikerlariak bigarren eremu horretan zentratu dira aurten. Uztailaren 28tik, 22 boluntario inguru dabiltza egunero lanean aztarnategian, asko arkeologia ikasleak eta gaiarekin interesa dutenak. Duela 2.500 urteko aztarnen bila dabiltza abuztuaren 16ra bitartean. Orduko etxebizitzak eta okupazio maila ikertzen dabiltza horietako asko, aurtengo helburuetako bat baita  goiko aterrazamenduari dagokion 425 metro koadroko eremuan sakontzea. «Harresiaren barneko horma mugatu dugu, eta material kontzentrazio handiak ateratzen ari gara», esan du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Dena den, hastapeneko lanak izanik, momentuz etxebizitzen egiturarik ez dute aurkitu. Hego-mendebaldeko eremuan zentratu badira ere, herrixkaren sarrera aztertzen ere badabiltza oraindik. Munoaundiko indusketen hasierako lana izan da sarrera, eta dagoeneko planoa erdi amaituta dutela adierazi dute. «Sarbidean lan puntualak ari gara egiten, planoa guztiz osatzeko». Izan ere, harresia dagoeneko zehaztu dute, eta urtez urte aurkikuntza garrantzitsuak egin dituzte han. Esaterako, sarbidea mugatuta dute dagoeneko, eta hegoaldeko babes egitura mugarriztatu eta mendebaldeko eta hegoaldeko dorrea lotu zituzten iaz. Dena den, Aranzadik azaldu du hainbat puntutan hormen eta sarbidearen loturak oraindik ez dituztela garbi. Hori hala, planoa osatu nahi dute lehenengo, gero beste fase bati ekiteko. Momentuz, ez dute aurkikuntza berezirik aurkitu. «Eskuz eta tornuz egindako zeramika zatiak agertzen dira, baita burdin zatiak eta burdina galdatzeko zepak ere». Halako indusketetan aurkitzen diren material ohikoak dira horiek, urtero agertzen diren objektuak baitira. Zeramikak eta zepak Oraingoz, bi eremu horietan egingo dute lana, eta ez dute aurreikusten beste gunerik zabaltzerik. Azkoitiko eta Azpeitiko Udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egin dute bigarren faseari dagokion proiektua. Datozen bost urterako lanak zehaztu dituzte han, eta elkarteak jakinarazi duenez, bi eremuak amaitzea izango da lau urteetako helburua. «Inoiz ez dakizu zer aurkituko duzun, ezta eremuak zenbaterainoko sakonera izango duen ere. Baina, ez bada ezer berezirik gertatzen, datozen urteetan amaituko dugula uste dugu». Eguraldiak ere berebiziko garrantzia izaten du indusketa lanetan, eta oraingoz asko ez duela lagundu azpimarratu dute: «Egun batzuetan euria egin ditu, eta horren eraginez lana eten behar izaten dugu. Eguraldia nahasia ari da izaten, eta horrek agian moteldu egin digu lana». Oztopoak oztopo, lanak martxa onean doazela jakinarazi du elkarteak, jakin badakiten arren hiru astetan ezin dela «gauza handirik egin». Aurten ez dute bisita gidaturik antolatu aztarnategira, baina Aranzadik argitu du nahi duten guztiek dutela bertaratzea. Era berean, sarreran panel informatiboak dira jartzekotan aztarnategia, hango proiektua eta lehenengo emaitzak plazaratzeko. Zazpi hektarea hartzen ditu Munoaundik, eta ondare kultural gisa dago izendatuta. Gipuzkoan aurkitu dituzten hamar herri harresituetako bat da, eta adituek uste dute «leku estrategikoa» izan zela. Izan ere, garai hartan leku garaietan bizi ziren, eta biztanleek bailararen zati bat izango zuten kontrolpean. Munoaundiren inguruan, gainera, herri harresituaren garaiko beste hainbat aztarna ere aurkitu dituzte, Txalintxon eta Azkoitiko Altamiran, esaterako. Horiek Munoaundirekin lotura izango zutela uste dute. Orain arte Iraurgi Berritzen garapen agentziaren koordinaziopean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalen finantziazioari esker aritu dira indusketetan, baina aurten hasita, Azkoitiko eta Azpeitiko udalek txandaka kudeatuko dute Munoaundi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide