Burdina, zura eta harria ditu oinarrian Koldobika Jauregi artistaren lanak. Ibilbide luzea egin du alkizarrak artearen munduan murgilduta, eta hainbat arlo jorratu ditu bide horretan. «Zenbaitek uste dute, material berriak edo sintetikoak erabiltzea garai berriekin bat datorrela. Niri, ordea, burdina, zura eta harria atsegin zaizkit, eta azkenaldian horien eratorriak diren materialekin ere aritu naiz: ikatzarekin eta harri hautsarekin, esaterako. Uste dut, burdina, zura eta harria falta direnean, geu ere ez garela hemen izango».
Irailaren 21era arte izango du zabalik erakusteka Zarauzko Sanz Enean, eta bertan azken urteetan egindako lanak ikusteko aukera izango dute bisitariek. «Azken urteetan landu ditudan bide desberdinak ikus daitezke erakusketan, lau gela handitan banatuta. Artea ikusteko dudan modua laburbildu dut bilduma desberdinetako artelanen bidez. Ikusleari gustatu dakioke, edo gorrotatu egin dezake», aitortu du artistak.
Zintzilik du izena Jauregiren erakusketak, azkenaldian landu duen artelan mota oinarri hartuta. «Kanpandorreetako erlojuak aztertzen aritu naiz azken hilabeteetan, eta atentzioa eman zidaten horiek orekatzeko zintzilik izaten dituzten harriek. Hortik abiatuta, bilduma bat sortu dut;
Zintzilik izena du». Egilearen iritziz, artelanak berak, meditaziorako eta lasaitasunerako bidea ematen du.
‘Bissierri omenaldia’
Bissierri omenaldia izeneko bildumak ere toki berezia du Sanz Eneako erakusketan. «Bissier XX. mendean hil zen margolari alemaniar bat zen, pertsonaia bitxia benetan. Nazismoa bizitzea tokatu zitzaion, eta berak Austriara alde egin eta bertan bizi izan zen eta lanean jarraitu zuen. Hitlerren erregimena erori zenean nazismoak zigortutako zenbait artisten lanak berreskuratzen hasi ziren, baina Bissierrez ahaztu egin ziren», azaldu du. Ahaztutako artista bat izateak bere lanean zuzenki eragin zuela nabarmendu du alkizarrak. «Ez zela inongoa sentitzen zuen, ez zuela inongo errorik; bere lana ere berezia da». Bissierren bizitza filosofiarekin eta inongo parte ez sentitzearen sentimenduarekin bat egin zuen Jauregik, eta horregatik bururatu zitzaion omenalditxoa egitea.